MAR. 14 2016 ZIRIKAZAN Gizonak Josebe EGIA Gizon batzuk, gutxi batzuk, gizon-taldeak osatzen ari dira beren ekarpena egiteko emakumeon eta gizonen arteko berdintasunari. Ale bitxi horiek, salbuespenaren berezitasuna bereizgarri, elkartu egiten dira beren gauzez eta kezkez hitz egiteko; esaterako, aitatasunaz, bikote-harremanez, jendarteak ematen dien lekuaz, beste gizon batzuengandik sumatzen duten presioaz… betiere gizon legez ohiko maskulinitatetik at bizitzeko moduak bilatuta, alegia, gizon-arketipoa (Amparo Moreno Sardaren hitzetan, klase eta herri menderatzaileetako gizon helduak fabrikatzeko eraikitako eredua) baztertu nahian. Elkartu ez ezik, jardun ere egiten dute, feminismoaren aterkipean emakumeekin eskuz esku aritzea ezinbestekoa dutelakoan. Besteak beste, arlo orotan sexismoa erauzteko erantzukizuna gizonena ere badelako. Ez da batere erraza izango halako gizona izatea, hau da, bere generoari esleituriko jarrerak, jokabideak zein rolak auzitan jarri nahi eta jartzen dituena, modu agerikoan eta bestelako ikuspuntu hori zabaldu nahian, gainera. Ziur naiz zeharkako begiratu oker oso-oso gutxi jasoko dituztela andrazkoengandik, agian bai jakin-minez beteriko baten bat, eta gehiago abegia eta nolabaiteko esker ona; sexu aldetik euren pareko direnengandik, ordea, txantxa, iseka eta sarkasmo piloa jasan beharko dutelakoan nago. Gizonezkoak, oro har, ez jada heldutakoak soilik, erasoak sentitzen direlako emakumeon aurrera egite honekin, jada atzera bueltarik izango ez duen oraingoak eta ostekoak burujabetzeko eta ahalduntzeko munduan gero eta gehiago hedatzen eta finkatzen ari den mugimenduarekin. Lehen halaxe gertatzen zen eta orain ere halaxe gertatzen da: botere-eremuak gero eta gehiago galtzeko beldur dira, hala funtsik, izanik, gabe geldituko balira bezala. Barren-barreneko sentimendua dute hori, sortzea saihetsezina nolabait, azaldu ezinezkoa horretaz jabetuta ez dauden neurrian… Izan ere, patriarkatuan hazia eta hezia izatea, barne-molde hori, ezin da kolpe batean irauli. Baina irauli beharko dugu. Emakumeok gure gainetik hainbeste aurreiritzi eta kate desegiteko ahaleginean gabiltzan bezala, desikasten eta ikasten, gizonezkoen aldetik ere beste hainbeste behar dugu, eurek ere behar dutela sinetsi behar dute, bestela beti izango gara borrokan. Arestian aipatu gizon-taldeak aitzindariak izaten ari dira, baina litekeena da gero eta gehiago emakume-taldeak bezain arruntak eta ugariak izatea. Jauzi ikaragarria eman duten seinale.