Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
ITSASOA

Costes, APB itzuliko lehen txapelketan garaile

Pierre-Louis Costes bodyboard zale frantsesak irabazi du aurtengo goi mailako lehen bodyboard txapelketa. 2016 Mike Stewart Pipeline Invitational txapelketa amaituta, aurtengo zirkuitua hasi da.

2011. urtean munduko titulua eskuratu zuen lehiakidea bikain aritu zen Hawaiiko olatu borobiletan. Jared Houston, Jacob Romero eta Lewy Finnegan bezalako arerio arriskutsuak garaitu behar izan zituen txapela es kuratzeko; beraz, ez zuen bide xamurra izan Costesek, baina lortu zuen eta aurrera begira sekulako sasoian dagoela erakutsi zuen gainera.

Pipeline Banzai munduko edozein surflari edo bodyboard zalerentzat leku berezia da, urautsi mitikoa, edozein olatu zaleren Meka baita. Horregatik sentitu zuen Costesek garaipen hau berezia zela. Honela adierazi zuen bere poza Costesek: «Mahalo! Gaurkoa nire lehiakide karreran izan dudan egun onena izan da. Pipelinen irabaztea betidanik nire helburu nagusietako bat izan da eta orain lainoetan bezala nago, amets bat lortu baitut».

Ez zen erraza izan, ordea, Pipelinen txapela eskuratzea eta oinazeak ere bazituen txapeldunak: «Akitua nago, saihetsak minduta ditut lehen olatuan hartu dudan kolpearen ondorioz, eta sentitzen dudana hain da zaila deskribatzea. Azken txandan oso berdinduta aritu gara, hasieran Jacob aurretik zihoan, gero Jerryk zortzikoa eskuratu du; beraz, handira jo behar nuela banekien. Zorionez, behar bezalako olatuak hartzea lortu dut eta ariketak osorik burutu ahal izan ditut. Oso gustura nago».

Costes Portugalen bizi da egun eta hango olatuetan entrenatutako ariketak bikain egin zituen Hawaiiko olatuetan. Hain ongi aritu zen, non egin zituen airekoak hobetzea oso zaila izango zela ikusita, bere arerioak lehen postuagatik baino, bigarren postuagatik borrokatzen hasi ziren.

Drop-knee kategorian Dave Hubbard nagusitu zen, Sammy Morretino garaitu ostean. Nesken kasuan berriz, Ayaka Suzukik irabazi zuen txapela, eta Junio r kategorian, iazko txapelduna izan zen Socrates Santana brasildarrari irabazi ostean, Tanner McDanielek lortu zuen Pipelineko txapela.

Aurtengoan guztira mundu mailako hamabi txapelketa izango dira mutilen kategorian. Izarren arabera sailkatuko dira txapelketak, alegia, zenbat eta izar gehiago orduan eta diru eta puntu gehiago eskuratzeko aukera izango dute lehiakideek.

Gehienez lau izar izan ditzake lehen mailako txapelketa batek. Pipelinekoa esaterako, izar bakarreko txapelketa izan zen, baina puntu anitz eskaintzen ez dituen lehiaketa bat izan arren, urautsiak duen famagatik, garrantzi handia duen txapelketa bat da lehiakideentzat.

Pipelinekoa zirkuituan den izar bateko txapelketa bakarra da eta irabazleak 10.000 puntu eskuratzen ditu; beraz, Costesek 10.000 punturekin eman dio hasiera 2016ko APB (Association of Professional Bodyboarders) zirkuituari.

Hurrengo txapelketa ere ikusgarria izango da, lehen aldiz Teahupooko urautsian mundu mailako txapelketa bat egingo baita. Bi izarrekoa izango da eta apirilaren 18a eta maiatzaren 2a bitartean egingo da.