Andoni ARABAOLAZA
PATAGONIA

Emakumezko sokada batek«Riders on the storm» egin du

Ines Papert eta Mayan Smith-Gobat izan dira protagonistak. Paretan 15 egun egin zituzten, eta gehienez 7c+ eskalatu zuten.

Orain arte Argentinako Patagoniatik iritsi diren berri azpimarragarri batzuk ekarri ditugu orriotara. Oraingoan, berriz, Txileko Patagoniara egingo dugu salto; izan ere, Paineko Dorre Nagusian Ines Papert eta Mayan Smith-Gobanek “Riders on the storm” bidearen bosgarren igoera eta emakumezko sokada batek erdiesten duen lehena sinatu dute.

Hain zuzen ere, 15 eguneko lan eskergaren ondoren, otsailaren 6an, Alemania eta Zeelanda Berriko eskalatzaileok gailurra jo zuten; hots, marra hori lehenengoz eskalatu zeneko 25. urteurrenean. Bide ikusgarri horren egileak Wolfgang Gullich, Kurt Albert, Bern Arnold, Peter Dittrich eta Norbert Baetz izan ziren. Guztira, 1.300 metroko proposamen arras erakargarria sortu zuten, eta harentzat honako zailtasuna aurkeztu zuten: 7c eta A3.

1991. urtea zen, eta bide hori zabaldu zenean, eskalatzaile zailduenek onartu zuten Patagonian zailtasunaren garai berri bat zabaldu zela. Ordutik, artifizialean zintzilik geratu ziren sekzioak askatzeko saioak ugari izan dira. Eta gaur arte inork ez du sari preziatu hori erdietsi. Lan oso ederra egin zuten, adibidez, Nico eta Olivier Favresse eta Mike Lecomte belgikarrek 2006. urtean.

Papert-ek eta Smith-Gobatek ere asmo bera zuten: marra guztia era askean igotzea. Horre tarako, lehen igotzaileek za baldutako artifizialeko luzeak saihestu eta bost luzeko aldaera bat sortu zuten. Horietatik bi “soilik” askatu zituzten, baina emakumezko sokadak honek ekarpen garrantzitsu bat egin du: “Riders on the storm”-en zailtasuna handitu.

Bai, protagonistok gai izan dira 7c+ graduko luze bat eskalatzeko; aurreko zailtasun gorena 7c-koa zen. Horrela bada, duela 25 urte Paineko Dorre Nagusian zabaldutako bide mitiko horrek egun 38 luze ditu (neskek 34 era librean igo zituzten), eta horietatik lau falta dira askatzeko.

Inolako zalantzarik gabe, bi eskalatzaileok aipatu dugun bide horretan eginiko lana goraipatzekoa da. Jakin badakigu, biak ala biak goi mailako eskalatzaileak direla, baina emakumezkoen munduan bederen urrats bat egin dute. Behin lanak amaituta, hona hemen zeelandaberr itarrak eginiko adierazpe nak: «Alemanen bide historiko horrek muga berrietara eraman nau. Erabat hustu nau, bai mentalki, baita fisikoki ere. “Riders on the storm”-ek dena ematera behartzen zaitu; hau da, eskaladan dudan eskarmentutik zati asko erabili behar izan ditut. Marra hori igo ahal izateko, boulderrean eta pareta alpinoetan ikasi dudan guztia eman behar izan dut. Eta horri esker arrakasta izan dut; ez osoa, baina arrakasta izan da».

«Xedea askatzea zen»

Papertek, bere aldetik, onartu du asmo handiko erronka zutela: «Inolako zalantzarik gabe, gure xede nagusia ‘Riders on the storm’ bidea erabat askatzea zen. Baina, zoritxarrez, eguraldiak ez digu erabat lagundu. Nire ustetan, eguraldi kaskarra izan da gure erronka guztiz ez bete izanaren arrazoia. Alabaina, beste sokada batzuek eginiko urratsetan beste bat egin dugu guk. Goialdean askatzeke zeuden bi luze era askean igo ditugu. Eta, horretaz gain, bost luzeko aldaera berri bat bilatu dugu. Horri esker, artifizialeko sekzioak saihestu ditugu. Sormen lana asko landu behar izan dugu, eta teknika berritzaile batzuk indarrean jarri ditugu. Eta, jakina, bion gaitasunak elkartuta, gai izan gara proiektu hau era arrakastatsu an amaitzeko».

Irakurri berri duzuenez, alemanak esan du teknika berritzaileak erabili dituztela. Eta horietako bat, bederen, nahiko bitxia iruditu zaigu: «18 luzean ginela, offwidht izaerako 7b+ graduko luze bati ekin nion. Hura gainditu ahal izateko, oin batean katu-oina eraman nuen, eta, bestean, izotzean eskalatzeko bota bat kranpoiarekin».

Smith-Gobat artesiak nagusi diren bideetan espezialista handia da, eta berak ere teknika berezi batekin jardun zuen: «29. eta 30. luzeak nik lideratu nituen. Artesietan izotza zegoen, eta hatzak zein eskuak haietan estu-estu sartzea desafio berria eta oso desatsegina izan zen niretzat. Eskalatzen dudanean oinak eta eskuak sentitzea gustuko dut, eta luze horietan ez nituen batere sentitzen. Nik dudan guztia eskatu zidan horrek, baina, zorionez, min handiarekin eskalatu banuen ere, bi luze horiek era librean igo nituen».

Bi eskalatzaileok aipatu dutenez, jakin bazekiten Paineko Dorreetan zein eguraldi izaten den eta, oro har, oso makurra izaten dela: «Eguraldi egonkorra zenean lan ederra egin genuen, baina txartzen zenean ere dena emateko prest geunden. Oso kontzentratuta jardun dugu, eta jatorrizko bidearen 11. eta 23. luzeak eta guk zabaldutako aldaera berriaren 17. eta 18. luzeak askatu gabe utzi ditugu. Ekaitz bortitz batek hasierako gure xedea (bide guztia era askean igotzea) baztertzera behartu gintuen».

Eskalatu berri duten bidearen inguruan, Papertek onartu du arriskutsua dela: «Paretan egon ginenean urduritzeko moduko une asko izan genituen: eguraldiak bat-batean okerrera egiten zuen, goialdetik izotza eta arroka zatiak erortzen ziren... Adibide bat jarriko dut: lehen eskalada egunean izotz zati batek nire kaskoaren kontra jo eta erditik puskatu zuen. Eta azken egunean, soka batetik jumareatzen ari nintzela, arroka zati batek ia soka moztu zuen. Oro har, zorte handia izan dut. Une honetan aitor dezaket berriro itzultzeko asmoa erakargarria bada ere, marra horrek duen arrisku mailak ez duela merezi».

Smith-Gobat, berriz, ez da iritzi berekoa, eta iragarri du helburua guztiz biribiltzeko datorren neguan (Patagoniako udan) berriro itzuliko dela.