MAR. 23 2016 Emakumezkoen futbola «Konfiantzaz eta jokoz ondo helduko gara derbira» Denboraldiko boladarik onenean murgilduta ekingo dio Oiartzunek Realaren kontrako norgehiagokari. A.U. LASAGABASTER Lau jardunaldi «zenbaki beltzetan», hamabi puntuko koltxoia, denboraldiko joko maila altuena... Oiartzunek indarrez ekin dio egutegiko azken herenari eta egoera horretan hartuko du igandean Realaren bisita. «Sekulako gogoak ditugu», onartu du Anne Mugarzak. Orain dela hamarkada bat Zubietan zebilen egungo Oiartzun taldeko kapitaina, eta argi dauka partidaren «berezitasuna» areagotu daitekeela: «Partidak, berez, badauka behar duen guztia. Talde gipuzkoarrak, ezagunak, bietan daude bestean aritu diren jokalariak... Berezia da eta daukagun guztia emango dugu denok, bakoitzak bere estiloan, gure maila onena eskaintzeko. Eta, gainera, konfiantzaz eta jokoz ondo helduko gara –azpimarratu du erdilariak–. Reala faboritoa da, zalantzarik ez dago, baina gu denboraldiko une onenean gaude, eta konfiantza eta lasaitasun horrek indar asko emango digu. Eurentzat, gainera, garaipena beharra dela esango nuke, eta guretzat, berriz, helburua. Desberdintasun horrek ere gure alde joka dezake». Egoera honetara heltzeko, Oiartzunek ibilbide pentsaezina gauzatu behar izan du azken hilabeteotan. «Urduritasun eta egonezina ere hor egon dira», onartu du lezoarrak, baina gutxi izan dira, taldeak denboraldi hasieratik goranzko norabidea hartu baitu: «Maila berri baten hastean beti dauzkazu zalantzak, batez ere lehiatzeko gai izango ote zaren. Azkar ikusi genuen gai izango ginela eta, zailtasunak zailtasun, taldea gero eta hobeto moldatu da, oraindik ere gauza asko hobetzear daudela jakinez». Adibidez, etxetik kanpoko errendimendua: «Alde handia dago, bai. Izan ere, oraindik ez dugu partida bakarra irabazi, hiru berdinketa lortu baditugu ere. Hoberantz egin dugu, baina oraindik gehiago kostatzen zaigu etxetik kanpo gure maila ematea». Horren aurka, gipuzkoarren adorea legoke, partiden azken minutuetan lortutako puntuek erakusten duten bezala. «Bai, infartuko amaierak bizitzen ari gara –barre egiten du Mugarzak– eta seinale ona dela esango nuke. Alde batetik, taldeak ez duela amore ematen adierazten duelako. Eta bestetik, fisikoki eta psikologikoki ondo gaudela ere erakusten duelako». Psikologiak, izan ere, garrantzi handia izan dezake hemendik aurrera. Erdilariak ez du «helburua lortutzat hartzen» eta matematikoki lortu arte ez direla erlaxatuko dio, baina sailkapenak islatzen duen egoera lasaigarria dela onartzen du. Eta larritasun falta hori taldeak eskertu dezakeela uste du, egutegiak aurkari gogorrenak aurrean jartzen dizkionean. «Buruak asko agintzen du eta estutasun horiek gabe taldeak beste maila bat eman dezakeelakoan nago. Ikusiko dugu, hala ere». Teoria demostratzeko lehen aukera, igandeko derbian.