MAR. 24 2016 IKUSMIRA Mundu handi honetan gero eta txikiagoak Amagoia Mujika Kazetaria Askotan kontatzen zigun, aldiro modu ederragoan, bederatzi bat urte zituenean ezagutu zuela Antiguako tunela. Anaia zaharragoarekin sesioan zebilen, aitak ekarritako aizkorarekin nork moztuko egurra. Eta, zas, anaiak hatza moztu zion (guk begiak ixten genituen kontakizunaren parte horretan). Zaldi-karroan eraman omen zuten Donostia erdialdean zegoen «cuarto socorro»-ra eta lehen aldiz gurutzatu zuen Antiguako tunela. «Min handia zenuen, aitona?». Ez omen zen minarekin akordatzen, tunela ikustean sentitu zuen pozarekin baino ez zen akordatzen. Ordurako begiak irekita izaten genituen eta jakin-min handiarekin arakatzen genion lanak laztutako eskua, falta zitzaion hatza ikusi nahian bezala. Aitonaren jaiotetxearen eta Antiguako tunelaren artean bi kilometro eskas daude. Orduan ez nion galdetu eta ja berandu da, baina hondartza ere orduan ikusiko zuen igual lehen aldiz. Gure aitonaren mundua bere baserriak eta inguruko baserriek osatzen zuten. Auzoak asko jota. Asteartean Bruselako leherketak gertatu zirenean ezagutzen ditudan hiru pertsona gutxienez bertan zeuden, bakoitza bere aldetik eta arrazoi desberdinak tarteko. Gure mundua aitonarena baino askoz zabalagoa da, kilometrotan eta ezagupenean. Mundua gure eskura eta gu munduaren esku. Hala ere, ez dakit mundu handi horretan gu ez ote garen gero eta txikiagoak. Gure aitonak ez zuen munduko aldrebeskerien berri, eta bere inguruko arazoek kezkatzen zuten. Guk gertukoak eta urrunekoak ezagutzen ditugu, baina maiz begira egon besterik ezin duenaren itolarriz.