MAR. 27 2016 HELDUEN LITERATURA Ez dut moztuko bizarra Iker ZALDUA Koldo Izagirrek “Parisen bizi naiz” idatzi zuenean kulturaren hiria zurrumurrua besterik ez zen, edo dagoeneko oihartzuna zen, Kantaurin barrena desagertzen zen oihartzuna. Hiru urte beranduago ikusi dugu zubi gaineko inaugurazio “xume” eta “apala”, Donostiak kulturaren gaurko jantzia beztitu du, hiria hedatu da bideetan. Baina bide horietan ez da agertuko Susaren ale hau, bide horietan ez du lekurik kultura honek, bide horietan ez da agertzen Marrutxipi. Hor dago Izagirre, leihotik euriari so, leihotik hiriari so, “Marrutxipi deritzan auzoko / hogeita hamabostean, hirugarren ezker…”. Hedabideetan hedatzen ez den hiria du hizpide “michelin gidan ageri ez diren kantailak”. Herri kutsua duen hiria, euskal hiriaren tasuna, ezaugarria, lotsarik gabe sostenga dezakeen hiria, agian ez Bernardok begitantzen duena, baina euskal hiria. Egiaz, Arestirekin hobeto konpontzen da poema hauetan irakurtzen dugun hiria, eta Izagirrek hari kalea eskaini dio Donostian “errekaldean lizarra / hari begira izarra / bere burua eskuratzea / euskaldunaren liskarra”, bai eta Bilbon ere “errekaldean lizarra / hari begira izarra / mende honetan minbera dago / euskaldunaren bizkarra”. Bide batez, liburu honetako biografia txikian bizardun ageri da Izagirre. Norteko haritzaren gerizpeko gogoeta izeneko poeman ere gertuago ikusiko dugu herri kutsua duen euskal hiri hori; “haritz ezki pago lizar urki platanondoak maiteko ditut”. Baina, egunero leihora hurbiltzen denean, oso bestelako paisaia ikusten du Izagirrek “udaltzain gazteak harroaldiko gaztelaniaz tu / edozein tren apeaderotan Magrebeko gazteei begitartera”. Porrot egin ote dugu? Bizar eta guzti lurperatuko ote gaituzte? Hau irakurtzen duenak ezetz pentsatuko du. Izan ere, euskararen erregistro gorena erakusten digu hemen Izagirrek (halakorik badela frogatuta geratzen da, bide batez). Erregistro guztiak menderatzen ditu eta ulertu nahi duenak ulertzeko moduan plazaratzen ditu, ahalegina eskatzen du, arreta eskatzen duen irakurketa bat da. Askok ez duela ulertuko esango du (badakit hori, baditut asko), eta euskara oso korapilatsua dela esanez zurituko du bere burua (badakit hori, baditut asko), errua OHO egin zuenetik euskaraz ez irakurtzeko erabakian dagoela erreparatu gabe. Bai, arretaz irakurri behar da, behin baino gehiagotan irakurtzekoak dira lerroalde zenbait, eta hiztegia ere hartu behar da zenbaitetan (ez lotsa horregatik). Baina euskara freskoa darabil, freskotasuna dute bere poemek, askeek zein neurtuek. Kobletan ere egiten baitu Izagirrek “Parisen bizi naiz” honetan, “Donostia” edo “Rouen” izeneko aleak “Egun da santimamiña” kobla-doinuaz irakur daitezke, hori nire gomendioa. Gozatu egiten du euskaraz Izagirrek, jolas egiten du euskararekin. “Nahi ez ordea” izeneko alean hitz-joko ederrak egiten ditu eta jolasean jolas eraikitzen du poema (bai, euskararekin jolastu ere egin daiteke). Euskal hiria beraz, “Harri eta Herri”-rekin zerikusi handiagoa izan dezakeen arren, euskal hiria aldarrikatzen du, herri kutsua duen hiria. Oraindik bada, oraindik bagara, eta, apika, Salbatoreko apeaderoa bezalaxe sasiak hartuta amaitzeko arriskuan gaudela ohartarazten digu Izagirrek, baina, bakoitzak ikusiko du, bizarra moztu ala ez.