MIKEL KORTA, JOXEMIEL AZURMENDI, ALOñA MUñOA ETA ANITZ ESKISABEL
Euskal preso politiko ohiak
GUTUNAK

Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera

Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan parte hartzeagatik ehunka gara kartzela edo erbestea ezagutu dugun goierritarrak. Milaka eta milaka Euskal Herrian. Gaur oraindik, ehunka euskal herritarrek kartzela eta erbestea pairatzen dute. Estatu espainiar zein frantziarreko arduradunek, garaile eta garaitu eskeman trabatuta nahi gaituztelarik. Eta horretarako presoak preso eta iheslariak ihesean izan nahi dituzte.

Baina guk Euskal Herria aske eta justua amesten genuenean pertsona askez osatutako Herria ikusten genuen. Eta ametsak gurekin jarraitzen du.

Jakitun gara urte gogorrak bizi izan ditugula. Samina izan da alde guztietan. Argi dugu konfrontazioaren gordintasuna gizatasuna kentzera iritsi dela bihotz askotara, hainbatetan mendeku gosea sortuz. Baina ailegatu da garaia, non denok erabaki behar dugun zer nolako herria eraiki nahi dugun. Eta gatazkaren eraginez sortutako preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herria nahi dugu.

«Terroristak» omen ginen, «terroristak» omen dira preso eta iheslariak. Garaitu beharreko terroristak. Baina ez, ez gara eta ez dira terroristak, Euskal Herrian aske bizi eta Euskal Herri aske eta justu bat eraikitzen jarraitu desio duten euskal herritarrak gara eta dira.

Etxean nahi eta behar ditugu, euskal herritarren arteko harremanak normalizatzen hasteko. Ez baitago normalizaziorik preso eta iheslari bakar bat dagoen bitartean. Herri honen etorkizunak gatazka gainditzeko preso eta iheslariek etxean egon behar dutela eskatzen du eta euskal gizartearen gehiengoak bat egiten du eskari horrekin.

Kartzeletan dauden kideak ari dira estatuen itxikeria pairatzen, eta gainditzeko bideak irekitzen, baita norabide horretan urratsak egiten ere. Benetako bakea lortzeko prestasun osoa adierazi dute, baita legedian oinarritutako bideak jorratzeko ere. Eta norabide horretan egin beharreko urratsak zehaztea beraiei dagokie.

Guk haiekin gaudela esan eta amnistiaren norabidean preso eta iheslariak etxera ekartzeko konpromisoa aldarrikatu nahi dugu. Oinarri horrekin, apirilaren 17an, Nazioarteko Preso Politikoen Egunean, Bilbon egingo den nazio manifestazioan parte hartzeko deia egiten dizuegu.