GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOAK

Zenbat gara, zenbat izango gara?


Ez gara bizi inoizko garai onenetan, baina garai onak eta onenak ez dira berez etortzen, ez dira berez etorriko, euria datorren bezala. Geuk aldatu behar ditugu garaiak, geuk egin bideak. Ematen du jendea kezkati dabilela, lanbro artean nora ezean bezala, poetaren batek esango lukeenez. Baina lanbroetatik argira egin nahi dugu bidea, geure buruari eta inguruko gizarteari zor diogulako, eta gai garelako bide hori egiteko.

Ibilbidean urratsak sendo egiteko premiak eta gogoak areagotzen dizkigu kezkak, estropezurik gabe aurrera egin nahiak urduritzen gaitu... eta pausoak emango ditugu hala ere, pausoak ematea delako aurrera egiteko modu bakarra.

Bilboko La Casilla handia da…, igande eguerdia ez da agian egokiena…, beste herrialdeetako jendeari kosta egiten zaio Bilborako egun hori antolatzea. Ez da erraza denontzat egokia den eguna eta ordua aukeratzea.

Zenbat izango gara? Ez dakigu zenbat izango garen, baina badakigu asko garela, eta gure urratsetan konfiantza izateak indartu egiten gaitu, eta horregatik animatu gara idatzi hau burutzera, gogotik gogora xuxurlaka zuei deia zabalduz apirilaren 17rako.

Ez, ez dakigu zenbat izango garen. Baina, jakin badakigu zeintzuk joango garen.

Azken berrogeita hamabost urte hauetakoak bagara herri honetan 50.000 atxilotu; mende erdi honetan bagara 15.000 erbestea edo kartzela ezagutu dugunak, espetxearen edo erbestearen itzalak jo gaituenak, eta hor izango gara, itzal horretatik askatzeko urrats berri bat gehitu nahian.

Izen eta abizendun pertsona hauek guztiak, eta izengabetan dauden beste milaka batzuk, konpondu gabeko gatazka politiko baten adierazle eta lekuko dira eta gara, eta eragile izan behar dugula sinisten dugu, eta hor ikusiko dugu elkar.

Espetxeetako atetzarretatik negar malkoz ateratzen diren lagun eta senideak ere hor izango ditugu. Eta horiekin batera, irribarrea ahoan baina bihotza estuturik ostiral arratsaldeetan agurtzen ditugun zientoka herritar ere hor izango gara.

Ezkutuko eskutitza jaso eta altxor moduan gordetzen duten begitarte alaidunak ere hor izango gara.

Hor ikusiko dugu elkar, herri honetan arazoak ahaleginean eta ekinean konpontzen diren konfiantza osoa dugun milaka lagunek. Justizia elkarbizitzarako gizakiok garatu behar dugun sistema justua dela sinisten dugunok eta ez larderia indartzeko sortu den tresna bihozgabea, hor izango gara beste milaka batzuk.

Itxaropena behar dugunok hor izango gara, preso eta iheslaririk gabeko etorkizuna eta gizarte berdintsuagoa garatzea posible dela ozen oihukatuz, ekinez egingo dugulako bidea etorkizunera.

Itxaropena dugunok ere han izango gara, lehenbailehen kartzelak hustu eta iheslariak herriratu nahi ditugulako, aurrerantzean azalduko zaizkigun arazoei denok batera heldu eta ekiteko.

Langa eta traba guztiak gaindi daitezkeela sinistuen dugunak, herri baten gogoak edozein hormak baino indar handiagoa duela sinisten dugunak bertan izango gara.

Igande eguerdi batean ere, milaka eta milaka pertsona elkartuko gara La Casillan.

La Casilla txiki uzten duena ez da jende kopuru handia soilik. Manifestaziorako aldarria zabaltzen dugunon artean 20.000 urtetik gora eginak ditugu espetxean eta erbestean; espetxe urte bakoitzeko lagun bat eta erbeste urte bakoitzeko beste bat elkartzen bagara, Bilboko udaletxe aurrean, antzemango da eusko gudariak abesten dugunean… Zalantzarik ez izan!

Bihotza dugu arma, gogoa dugu indar eta etorkizunera goaz. Bertan elkartuko gara!

*Artikulua honakoek sinatu dute: Ixone Fernandez Bustillo, Iñigo Elizegi Erbiti, Itziar Ugarte Boto, Jon Joseba Ugarte Zinkunegi, Lurdes Gabiola Imaz, Xabier Goldaraz Aldaia, Ane Miren Alberdi Zubierrementeria.