Historia baino unibertsalagoa
Mikel Peruarenak fikzioaren eremua gurutzatzen du ekintza eta datu historikoez baliatuz; eraikitako unibertso literarioak Ipar Euskal Herriko herritarrek bizitako garai beltzenetariko bat islatzen du. 1914ko Gerra Handian Frantziaren alde borrokatzera abiatzen diren pertsonaien izen-abizenak ezagutzeak edota haien egunerokotasunaren berri izateak gerren irrazionaltasun eta absurdo, sufrimenduaren gordintasun eta su zelaien krudelkerien alde gizatiarra ulertzen laguntzen digute; hori guztiori subjektibotasuna baztertuta.
Orainak agintzen duen garaietan, eskertzen da “Su zelaiak” bezalako eleberri bat irakurtzea, historiarik gabe pentsatzea ezjakintasunaren eta ahultasunaren garaipenaren ondorioa delakoan bainago. Zentzu guztietan maisulan baten aurrean gaude: hizkuntzaren erabilera, oharkabean pasatzen ez diren baliabide narratiboak, kontakizunaren tonua, pasadizoen sorkuntza, errealitatearen deskribapen bortitzak eta kolektibitatearen giza sentsibilitatea; izan ere, testuaren zatiketa eta ahotsen aniztasuna baliagarriak dira subjektuaren edo norbanakoaren figura urtu dadin. Liburua Eric Hobsbawnen, historialariaren eta idazlearen, hitz profetikoekin irekitzen da: «Sarraskien aroa inauguratu zuen 1914ak». Hala da, txikizioaren sinonimoa baita gerra, eta eleberriaren lau atalak horren adierazpen garbia dira. Hasieran, ezkilen hotsak espazioa eta denbora bateratzen ditu, guztiek entzuten dute gerlako kanpaien soinua eta narratzaileak Iparraldeko argazki orokor bat eskaintzen du; alegia, herriak eta biztanleak, baserriak, ogibideak eta afizioak. Gerlak denak berdintzen ditu, etxean geratzen direnak eta borrokatzera doazenak, guztien etorkizuna itotzen du. Laster etxean egongo zirelako konbentzimenduarekin festa giroan eta trenean sartuta frontera abiatzen dira gazteak, eta horien artean, Baionako Infanteriako 49. Erregimentukoak; berehala, ordea, etsipena eta nahasketa airean zabaltzen da alemaniarrek jaurtitzen dituzten obusak hasiko baitira denbora neurtzen. Baina narratzaileak ez ditu ahazten etxean eta isiltasunean gerraren bidegabekeriak jasaten dituztenak; horregatik, fokua aldatuz herrien egoera tamalgarrian, gosetean eta emakumeen posizioetan jartzen du. Bitartean, su zelaietan bizirautea da lehentasuna eta soldaduek borroka amaiezin batean bizitzari eta oroitzapenei eusten diete.
Kontatzeko erak liluratu nau. Narratzaileak toki guztietan pausatzen ditu begiak, presarik gabe, gizabanakoak kartografiatuz. Hitzak eta irudiak bat eginez, fokuaren mugimenduak eta narrazioaren zati handi bateko tonu aseptiko paregabeak errealitate anizkuna ahalbidetu eta istorioaren zama guztia pertsonaia batengan edo bakar batzuengan jartzea saihesten dute. Hasierako fokua leku, bizimodu eta existentzia batetik bestera mugitzen da −kamera bat izango balitz bezala−, baina testuak aurrera egin ahala orokortasunetik jaisten joango da narratzailearen tonuaren aldaketari lotuta. Giro eta eduki historikoak trebetasunez daude josita eta, era berean, Peruarenak bikain azaleratzen ditu gerrak zabaldu zituen aberriarekiko sentimendu kontraesankorrak eta gaizkiaren horrorea. Obra zatikatu baten bidez osotasun bat lortzen du egileak, liburuan agertzen direnek patu berbera partekatzen baitute: gerlaren ondorioetatik ez dago ihesbiderik. Sarritan fikzioak historia azaltzen du, Aristotelesek zioen bezala, fikzioa historia baino egiazkoagoa eta unibertsalagoa delako.