APR. 23 2016 Harri-jasotzea Hamar kirolari lehiatuko dira Gorostidi Harria Txapelketa irabazteko asmotan J.L. Gorostidi Harria Txapelketa jokatuko da bihar 18.00etan Adunako pilotalekuan. Bost harri erabiliko dituzte, eta bakoitzari bina jasoaldi emango dizkio harri-jasotzaile bakoitzak, eta guztiak egiten denborarik gutxien pasatzen duenak lortuko du txapela janztea. Joseba Ostolatza, Josetxo Urrutia, Iban Ugartemendia, Illarramendii, Izeta III.a, Eizmendi, Izeta IV.a, Irigoien, Galarraga eta Telleria II.a izango dira lanean arituko diren harri-jasotzaileak. Kirolari bakoitzak 139 kiloko harri baldarra, 150 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangularra, 160 kiloko zilindro zaharra eta 175 kiloko zilindro zaharra erabili beharko ditu, eta bakoitzari bi jasoaldi ahalik eta denborarik gutxienean ematea izango da helburua, hori baita aurtengo lehiaketako gako nagusia. Aipaturiko harriez gain, han egongo da ere 185 kiloko zilindro zaharra, eta hari esku bakar batekin jasoaldi bat ematea lortzen duenak 500 euroko sari berezia eramango du. Azkeneko urteetan ere aukera hori hor egon da, baina ez da ahaleginik egin, eta antolatzaileek aurtengoan norbaitek jasotzea nahiko lukete. Faboritoen zerrendari begira jarrita, Aimar Irigoien da irabazteko faborito nagusia. Errezildarra tartean bada, beste norbaitek garaipena lortzea ezustea izaten da, eta Adunan ere txapela beste nonbaiten burura joaten bada, horrelaxe izango da. Urrezko Aizkora Buruz Buruko Urrezko Aizkorak bi saio izango dira asteburu honetan. Gaur 19.00etan Beizamako Ilaunpe pilotalekuan jokatuko da kanporaketako bat. Eneko Otaño, Eneko Saralegi, Mikel Larrañaga eta Arria V.a arituko dira lehian. Bihar, berriz, Abaltzisketako pilotalekuan 12.00etan Luix Txapartegi, Jexuxmari Mujika, Mugertza III.a eta Kañamares III.a lehiatuko dira. Bai gaur eta baita bihar ere aurreneko biek lortuko dute sailkatzea.