MAY. 30 2016 ZIRIKAZAN Besteren mesedetan Josebe EGIA Zelan bizi gara?» Agurtzeko modu bat besterik ez da, argi dago, eta ezohikoa da itaunari erantzuten hastea: «Bada, begira, egia esatearren, ez naiz lar ondo bizi: bizkarrak jota nauka, ginekologoak agindu dit kontsultara itzultzeko eta izututa nago, gero eta gutxiago ikusten dut gertutik eta urrunetik lehendik ere gutxitxo…». Ez gara gure gaitzak kontatzearen zale, baina benetan hizketan hasiko bagina… Denok dugu, adin batetik aurrera, behintzat, zer edo zer osasunari erasaten. Halako batzuk komunak ditugu pertsonok, gizon zein emakumeok; biologikoki desberdinak garen neurrian, ordea, beste batzuk berariazkoak ditugu. Osasuna nola zaintzen dugun ere, nola egiten diegun aurre geure nahiz besteen minei, bereziki, ezberdin egiten dugu. Kito; ez diogu buelta gehiagorik ematen kontuari. Bada, eman behar genioke, jabetzearekin batera osasunaren eta horren hertsiki lotzen zaion zaintzaren esparruak zuzen-zuzenean eragiten digula emakumeoi gizonezkoei baino okerrago: dela gaixoa geu garenean, dela guk izan behar dugunean zaintzaile. Hain zuzen ere, izan behar dugulako, nahi eta nahi ez gehienetan. Ez da gertatzen geneetan daramagulako, ez eta halako sen eutsiezinari jarraitzen diogulako ere, baizik eta jendartearen antolaketak horrelaxe behar gaituelako, bere horretan segituko badu. Sozioekonomikoki, baldintza kaskarrenak ditugu geure osasunaz behar bezala arduratzeko, eta, paradoxikoki, onenak besteena geure gain hartzeko. Izan ere, besteak beste, soldata txikiagoak ditugu, lanpostu prekarioagoak eta langabezia handiagoa (gizarte segurantzan, pentsioetan… eragiten dutenak); etxean, aldiz, dena da guretzat gehiago: bertako zereginak, seme-alaben ardura nagusia, senideen zaintza… Denbora, geurea, geure buruarentzat den hori, horren guztiaren arabera kudeatu beharrean gaude, nola bestela aurrera egin. Hortxe, eguneroko zurrunbilo horretan, non kokatu norberarentzako arreta, «berekoikeria» itsusi hori, ezta? Horretaz ere, emakumeon kulpa-sentimendu orokortuaz, norberekoikeriaz jokatzen ari garela-eta geure burua jipoitzeko joeraz, geure beharrak asetzen ari garenean, gehiago hitz egin beharko litzateke esparru publikoan osasunaz ari garela. Oso dugulako errotuta emakumeok, osasungarritasun psikologikoa goitik behera arrakalatzen digulako, eta, beste hainbat faktorerekin batera (edertasun behartua, esaterako), geure buruaren esklabo bihurtzen gaituelako, egitura sozial oso baten eta horren onuradunen mesederako.