JUN. 03 2016 Krisia Ankara eta Berlinen artean armeniar genozidioa onartzeagatik Alemaniako Parlamentuak ia aho batez onartu zuen atzo Otomandar Inperioaren garaian –orain 101 urte– egin ziren sarraskiak genozidioa izan zirela zioen proposamena. Turkiako Gobernuak «islamofobia eta turkofobia» leporatu die alemaniar agintariei, Berlin «historia politizatzen» ari dela adierazteaz gain. Ezkutatu ezin den krisia, abian. GARA BERLIN Berlinen eta Ankararen arteko krisia eragin duen mozioa Angela Merkelen Gobernua sostengatzen duten kontserbadoreek eta sozialdemokratek aurkeztu zuten, oposizioan dauden Berdeekin batera. Kontrako boto bakar bat izan zuen, eta beste horrenbeste abstentzio. Turkiak errefusatzen duen «genozidio» hitza aipatzen du onartutako testuak. Mozioaren arabera, 1915eko sarraskietan 800.000 eta milioi eta erdi armeniar artean hil zituzten. Biktimak gutxiengo kristauko kideak ziren. Gainera, idatziak nabarmendu du alemaniarrek sarraskietan izan zuten erantzukizuna, garai hartan otomandarren aliatu baitziren. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak berehala esan zuen mozioa onartu izanak bi herrialdeen arteko harremanak kaltetuko dituela. Iragarri zuen kontsultetara deituko dutela Husein Avni Karslioglu Turkiak Berlinen duen enbaxadorea. Enbaxadorea bera Parlamentuan zen mozioa eztabaidatu zenean, bere homologo armeniarra zegoen moduan. Namibia eta Holokaustoa Bundestag edo Parlamentuan zeuden gonbidatuen artean dozenaka kartel ikus zitezkeen, «mila esker» adieraziz. Baina erabakiak Ankara eta Berlinen arteko harremanak gaiztotu egingo ditu. Turkiako Atzerri Ministerioak agiri luze bat plazaratu zuen ingelesez eta turkieraz, onartutako mozioa «erakunde horren erreputazioarentzat kaltegarria» izango dela nabarmenduz. Agiri horretan esaten da Alemanian «turkofobia eta islamofobia arrazakeria mailetara iristen ari direla». Gainera, Atzerri Ministerioak gogora ekartzen ditu Alemaniak historian zehar egin izan dituen gizateriaren aurkako krimenak eta genozidioak, «Namibiatik hasi eta Holokaustoraino». Ankarak egin duen irakurketaren arabera, Alemaniako Parlamentuak onartu duen mozioaren helburua herrialdean bizi diren turkiarrak eta turkiar jatorriko alemanak nahasi eta beren historiatik eta nortasunetik urruntzea litzateke, «belaunaldi gazteei armeniar errelatoa ezartzeko». Agiri eta adierazpen gogor horiei ez die jaramon gehiegi egin nahi Berlinek. Angela Merkel kantzilerrak berak nabarmendu zuen bi herrialdeen arteko harremanak oso zabalak direla. Gauza batzuetan jarrera ezberdinak izaten badituzte ere, gehiago omen dira bi estatuek bat egiten duten gaiak. Ez da ahaztu behar Alemanian Turkiatik etorritako hiru milioitik gora pertsona bizi direla (Turkiako kurduak barne). «Gai eztabaidagarriei aurre egitea ere demokrazia baten zati da», biribildu zuen bere mezua Merkelek. Jens Stoltenberg NATO erakundeko idazkari nagusiak ere esku hartu zuen Merkelek eskainitako prentsaurrekoan. Erakundeko kide diren bi herrialdeen arteko harremanak bere onera itzultzeko eskatu zuen. Norbert Lammert Bundestageko presidenteak adierazi zuenez, «Turkiako egungo Gobernua ez da orain ehun urte gertatu zenaren erantzule, baina gai horrekin hemendik aurrera egiten denarena bai». Bide beretik eta Ankara lasaitu nahian, Rolf Mutzenich sozialdemokratak nabarmendu zuen «eztabaida armeniar genozidioari buruzkoa dela, ez Erdoganen aurkako epaiketa». Cem Ozdemir turkiar jatorriko diputatu berdeak esan zuen historiak Alemania behartzen duela Turkiaren eta Armeniaren arteko berradiskidetzea bultzatzera. Errefuxiatuen arteko borrokak Grezian Hamabost zauritu eragin zituzten Lesbos uharteko Moria kanpalekuan dauden Afganistango eta Pakistango errefuxiatuen arteko borrokek asteazken gauean. Borroken eraginez sute bat hasi zen kanpalekuan eta Moriako herritarren artean ezinegona nagusitu zen. Iheslari askok, ume asko tartean, kanpalekua utzi eta kanpoan pasatu zuten gaua, edo Mitilene hiriko bidean. Europar Batasunak eta Turkiak iheslarien inguruan adostu zuten itunaren aplikazioa oso mantso doa eta agintariek ez dituzte betetzen bere garaian iragarritako epeak. Ondorioz, uharteetan jarraitzen duten iheslarien arteko tentsioak gora egin du, nahiz eta kopuruak behera egin duen. Turismoaren unerik onenak iristear daudela, Samos, Kios, Leros, Kos eta Lesbos bezalako uharteetan 8.500 iheslari daude, ez aurrera ez atzera egiterik ez dutela. Irla horietan 7.500 migratzaile hartzeko moduko instalazioak dituzte. Ituna abian jarri zutenetik, 411 pertsona baino ez dituzte eraman Turkiara.GARA