JUN. 04 2016 HAUR LITERATURA Barne bidaia ere bai Xabier ETXANIZ ERLE Barka iezadazu lotsagabe-lotsagabe liburu honetan agertu banaiz, baina norbaiti kontatu behar nizkion geratutako guztiak, eta hemen idaztea iruditu zait egokiena». Hasiera bizi eta erakargarri horrekin ekin dio narratzaileak, amona Blasik, nobela honi. Amona Blasik saguzar batzuk ikusi omen zituen alboko teilatuan habia bat egiten, eta egun batean, «haize zakarreko egun batean, aldameneko etxeko telebista-antenatik zerbait erori zen gure balkoira, eta soinu arraroak entzun nituen». Soinuak egiten zituena habiatik, telebista-antena antzeko habiatik, eroritako animalia zen; hasiera batean katu baten antzekoa den animalia eta amonak bere kargu hartuko duena. Kontua da “katu” hori oso animalia arraroa dela eta batzuetan korroskadak botatzen dituenean sua irteten zaiola ahotik. Irakurleak igar dezakeen moduan, animalia hori katua baino herensugetxo bat da. Eta Alaitz bilobaren laguntzaz bidaia bati ekingo diote amonak, bilobak eta Pitxi-k (animaliatxoa) azken honen herrialderaino, Hungariaraino. Egia esan, Txilikuk proposatzen duen istorioak ez du irakurlea ustekabean harrapatuko; aurreikus daiteke amaiera eta bidaian gorabeherak izango dituztela; baina, hori esanda, aitortu behar da liburuaren irakurketa atsegina dela, bizia, anekdota, gertakari eta eztabaida ugarirekin. Horretan guztian zerikusia du idazleak argumentu nagusiaren inguruan eratu duen sareak, Alaitzen gurasoen arteko egoera, biloba eta amonaren arteko harremana, bidaian ezagutzen duten Joanes mutil katxarroa… eta narratzaile bi izatea, besteak beste. Izan ere, lehen atalean zehar amona baldin bada narratzailea, aurretik ikusi dugun moduan, ondoren Alaitz izango dugu bidaiaren kronista. Eta horrela ezagutuko dugu gurasoen egoeraren aurrean dituen sentsazioak, sentimenduak, beldurrak; amonaz uste duena, bidaia nola bizi duen, edo Joanesekin duen erlazioa, erakarpen, laguntza, sentimendu nahasketa…: «Gau luzea izan da. Trena ez da oso azkarra, eta geltoki xahar guztietan geratzen da. Hori iruditu zait, behintzat, niri. Paisaia ezin ikusian, herrietako argiak eta lurralde bakartietako bazter ilunak pasatzen ikusi ditut leihoan, eta begiak gehixeago irekitako batean «nire» Joanes eta gure amona, biak elkarren ondoan lo. Patetikoa. Aurrean bi aingeru guardako ditudala ere pentsatu dut. Neu ere patetikoa!». Estilo eta erregistro aldaketa honek, amonaren formaltasunaren aurrean, bestelako aberastasun bat ematen dio narrazioari. Horri gehitzen badiogu gertakari asko daudela eta kapitulu laburretako egitura, ulergarria da testuaren arintasuna, irakurketa arina eta bizkorra izatea. Txilikuren nobela honetan Pitxiren lehen hegaldia kontatzen dela badirudi ere, argi dago Alaitzek ere bere lehen hegaldia egiten duela, etxetik kanpo, bere erabakiak hartzen, eta nahiz eta amonaren laguntza edo konplizitatearekin izan, bidaia zerbait fisikoa baino gehiago dela argi dago. Eta halaxe ageri da amaierako ataletan, batik bat amak eta amonak Alaitzi adarra jotzen diotenean… «Hau ez da eleberria, hau bizitza da! Eta bizitza nahi baino askoz aluagoa da, eta bakoitzak ahal duguna egiten dugu ahalik eta hoberen bideratzeko», diosku Alaitzek amaieran. Aritz Egigureren irudian, neska haserrearen ondoan ama eta amona barrezka ikus ditzakegun bitartean.