640koan ere Gaztedi eta Goiherri gainetik agertzen dira
Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da bihar 640 kiloko mailan; 11.30ean hasiko da Loiun.
Gaztedi eta Goiherri besteen gainetik agertu dira maila honetan ere, eta ikusiko da bihar zer gertatzen den bien arteko deman, nahiz eta oraindik beste jardunaldi bat ere izango duten maila honetakoak erabakita uzteko.
Lehen posturako borroka handia iragartzen baldin bada, ez da gutxiago izango hirugarrenerako. Gauzak geratzen diren bi jardunaldi hauetan ikaragarri aldatzen ez badira, badirudi Gaztedi C taldearentzat izango dela azkeneko postu hori, eta besteek hirugarren postua izango dutela jokoan, Gaztedi eta Goiherri gainetik baitaude.
Gainera, Goiherri B, Gaztedi B, Mutriku eta Akelarre lehiatuko dira postu horren bila. Hor aldeak ez dira handiak eta edozeinek edozeini irabaz liezaioke. Maila honetako finala, datorren larunbatean, 17.30ean hasita, jokatuko da Barrikan.
Sega
Uda eta sega lotuta doaz, eta aurtengo denboraldia hastear dago. Datorren ekainaren 19an hasiko da Gipuzkoako Txapelketa, eta zale asko jadanik zain daude. Gipuzkoako Federazioak eman ditu parte hartuko duten segalarien izenak.
Aizarnan jokatuko dira bi finalerdiak, eta bakoitzean ordu erdiko lana izango dute segalariek. Multzo bakoitzean kilorik gehien ebakitzen dituzten bi segalariek lortuko dute finala jokatzeko txartela. Pardo, Arteaga, Gabirondo II.a eta Urrutia arituko dira multzo batean, eta bestean, berriz, Esnaola, Etxeberria, Merkader eta Irazustabarrena jardungo dira lanean.