JUN. 13 2016 Eskalada Alex Honnold gustura eskalada tradizionaleanbaina sokarik gabe Ipar irlandako Frair Head izeneko itsaslabarrean «The complete scream» bidea (E8 6b) kateatu berri du bakarka integralean. 58 metroko plaka gogor horren zailtasun teknikoa 7b+ gradukoa da. Andoni ARABAOLAZA Aurreko astean Erresuma Batuko eskalada tradizionalaren inguruko berriak jorratu genituen, eta hurrengo lerrootan beste jarduera baten berri eman behar dizuegu. Eta aurreko albisteetan bezala, hurrengo protagonista ez da ingurumari horretakoa; ez, estatubatuarra dugu. Alex Honnold-i buruz ari gara. “Kanpotarra” da, bai, baina eskalatzaile honek ondo baino hobeto daki zer den estilo hori. Sona handia duen Ingalaterrako Peak Districki bisita egin dio. Galeseko arbel famatuan ere eskalatu du. Baina bidaia horretako berri aipagarriena Ipar Irlandan lortu du. Fair Head izeneko itsaslabarrean egin den topagune batean izan berri da: «Bost egun eman ditut itsalabar horretan eskalatzen. Eta aitortu behar dut asko gozatu dudala. Horretaz gain, topagune horretan ondo pasatu dut; hain zuzen ere, eskalatzaile irlandarrekin hartu-emanak izan ditut. Festa polita izan da! Gainera, aukera izan dut Christopher Weidner kidearekin berriro eskalatzeko. Eta eskalatu dugun pareta hori oso atmosferikoa da, ederra oso». Hala ere, egin dituen eskaladen artean azpimarragarriena bakarka integralean egin du; hots, bakarka baina sokarik gabe. 7b+ gradukoa Honnoldek aurreratu duenez, bide zuzen bati bota zion begia. Bere izena “The complete scream” da. Hango eskalan E8 6b da. Gure graduazioari begiratzen badiogu, 7b+ dela esan daiteke. Berez, trad estiloan gertatzen den bezala, soka erabiltzen bada marra zuzen hori oso psikologikoa da; besteak beste, beheko zatian soilik gakoekin babesten delako. Baina esan dugun bezala, estatubatuarrak bakarka integralean eskalatu berri du. Beste era batera esanda, trad estiloaren arriskua biderkatu egin du. Jakin badakigu Honnoldek bakarkako goi mailako makina bat bide egin dituela. Hor dira, besteak beste, “Sendero Luminoso” (7c, 500 m) eta “West Face” (6c+, 500 m). Baina Ipar Irlandan sinatu duenak hango eskalatzaileak ahoa bete hortz utzi ditu. Martin McKennak, adibidez, honakoa azaldu du: «Inoiz ikusi dugun eskalada ikaragarriena gozatzeko aukera izan dugu. Alexek egin duena beste dimentsio batekoa da. Bidearen goialdera abiatu zen eta rappela egin zuen arroka solterik ba ote zegoen jakiteko eta heldulekuak ziurtatzeko. Ondoren, ‘The complete scream’ bidea flash eran eskalatu zuen».. ALEX HONNOLD Eskalatzaile estubatuarrak Ipar Irlandako Fair Head izeneko itsaslabarrean dagoen «The complete scream» bidea (E8 6b) bakarka integralean eskalatu du. 7b+ graduko zailtasun teknikoak ditu.