JUN. 24 2016 ELECCIONES: EUSKAL HERRIA Madrilgo ordezkarien aroa amaitu behar dela dio EH Bilduk «Procés»-aren aurkako PPren konspirazioari oso adierazgarri deritzo EH Bilduk. Hori lagunduko ote duen galdetu dio Ruizek UPNri. «Botako ditugu», erantsi du Beitialarrangoitiak. GARA IRUÑEA Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren izena daraman eskandalua hauteskunde kanpaina honen bukaera guztiz ari da markatzen, eta are gehiago independentziaren aldeko hautua egiten duen EH Bildurentzat. Iruñean Gobernu espainolak duen Ordezkaritzaren aurrean agertu zen atzo Bakartxo Ruiz diputatugaia, mezu argi batekin: «Demokraziaren aurkako erakunde hau ezabatzeko ordua da». Katalunian agertu berri dena Euskal Herrian aspalditik dela ezaguna ekarri zuen gogora. «Estatuaren estoldak» beste behin ere begi bistan geratu ondoren, Bakartxo Ruizek galdera zuzena egin zion UPNri, PPrekin batera hautagaitza osatzen baitu: «Polizia politiko honen arduradun nagusi den Mariano Rajoy laguntzen jarraituko al du?». Baietz izango delakoan dagoelarik, urteak pasatu ahala «gertatzen dena gertatzen dela ere, PPk egiten duena eta esaten duenaren aurrean men egiten duela erakutsi du UPNk», nabarmendu zuen Ruizek. Ez da afera hau bakarrik, erantsi zuen EH Bilduko Nafarroako zerrendaburuak; Mozal Legeak ekarri dituen isunak, udaletxeen aurkako ekimenak edo ikurren kontrako jazarpena ere gogora ekarri zituen. Bestalde, Donostian elkarte memorialistetako ordezkariekin eginiko agerraldian ere honetaz mintzatu zen Marian Beitialarrangoitia Gipuzkoako zerrendaburua. «Igandean gizarte honek etxera bidali behar ditu PP eta Fernandez Diaz –esan zuen–, hamarkadetan zehar gure ahotsa edozein modutara isilarazi nahi izan dutenak ondo baino hobeto ordezkatzen dituztelako. Eta guk oso ondo dakigu zein den herri honen ahotsa ordezkatzen duen indar politikoa: EH Bildu». Biktima guztientzako legea «Herri honen ahotsa ozen eta indartsu entzun behar da Madrilen, oraindik ere han erabakitzen direlako gizarte honen egunerokoan eragina dutenak. Herri honek Madrilen ahots propiorik ez badu, bere arazoak eta horiek bideratzeko konponbideak ez dira behar bezala landuko, beste arazo batzuen artean diluiturik geldituko dira». Aipatutako elkarteekin zegoela, oraindik ere hainbat biktimari memoria, aitortza eta erreparazioa ukatzen zaiela erantsi zuen Beitialarrangoitiak. Madrilen biktima guztiak aitortuak izateko lege-proiektua bultzatzeko asmoa du EH Bilduk. UPN, PP-REKIN BAT EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio UPNri, baina dagoeneko PPrekin lerrotu da Javier Esparza. Elkarrizketak osorik entzun beharko zirela eta grabazioa bera dela larriena argudiatu du.