JUN. 25 2016 ELECCIONES: EUSKAL HERRIA PSOEk ez duela PP inondik ere lagunduko berretsi du Patxi Lopezek kanpaina bukaeran GARA GASTEIZ Pedro Sanchez Estatuko agintaria hain garbi mintzatzen ez den arren, PSEko hautagaiek behin eta berriz esan dute kanpaina honetan zehar PP zuzenean edo zeharka laguntzeko aukera guztiz baztertuta dagoela. Eta hauxe berretsi zuen atzo Bizkaiko zerrendaburu den Patxi Lopezek, Gasteizen eginiko agerraldian. Ondoan zituen Javier Lasarte Arabako hautagai nagusia eta Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia. «Sozialiston boz bakar batek ez du Rajoyren Gobernua babestuko. Hainbat sufrimendu eragin duenari ez diogu boterean segitzen utziko. Populazioaren erdia pobreziara eta bazterketara kondenatu du Rajoyk», esan zuen Patxi Lopezek. Ustelkeriaren zama erantsi zion horri, PP agintean uztea horren aurrean «indultua» ematea litzatekeela aipatuz. «Ustelkeriari ezetz esan nahi dionak aukera bakarra du: PSOEri boza ematea. Horren garbi esan behar da». Elkarrekin Ahal Duguri sostengua ematea askoz nahasiagoa dela aipatu zuen Kongresuko presidente eta aurretik lehendakari ere izan denak, Pabl o Iglesiasek, segun eta Estatuan, Katalunian edo Euskal Herrian hitz egin, gauza ezberdinak esaten dituela-eta. Hemen eta Katalunian independentzia eta erabakitzeko eskubidea ahotan ibili ostean, Iglesias «Sevillara joan eta bertan espainol guztien artean espainiarzaleena bilakatzen da», salatu zuen Lopezek. «Eta guk ez dugu printzipiorik gabeko abenturazalerik behar, egia esaten duen benetako politikari bat baizik», erantzun zion Podemos Unidos-eko buruari. «Arduraz» jokatzera deitu zuen Lopezek.