JUN. 29 2016 Zaharregia esperimentuetarako, gazteegia hiltzeko Hamalau urte inguru ziren Joxe Austin Arrietak (Donostia, 1949) poesiarik argitara eman ez zuela. «Estalien gradora» (Txalaparta) besapean hartuta dator, azken bi hamarkadetako lanen antologia. Poesia, entsegua eta antzerkiaren uretan igerian dabil liburuan autorea, Edgar eta Niketz bi alter egoen elkarrizketak harilkatuz. Last update: JUN. 29 2016 - 07:22h Xole ARAMENDI DONOSTIA Poema antologia antzeztua bezala definitu du Mikel Antzak liburuaren epilogoan. Bat dator Joxe Austin Arrieta. «Nolabaiteko sintesia da aurreko nire lan guztiena, edo gehienena», azaldu zuen atzoko aurkezpenean. Stalingradoko gudua iradokitzen du “Estalien gradora” izenburuak. Volgara iritsi nahia. Hiru testu mota aurkituko ditu irakurleak: poemak, batzuk zaharragoak, besteak berriagoak; «variatio/emulatio»-ak, beste poeta batzuen testuetan oinarritutako bere bertsioak, eta itzulpenak; eta «Niketz kapo-oralaren eta Edgar lot-inantaren arteko dialektika, elkarrizketa kritikoa, liburu osoaren joskura burutzen duen fantasia zinetikoa», idazlearen hitzetan. Ez da erraza izan “Estalien gradora” liburuak argia ikustea. «Liburu hau ez zuen Txalapartak atera behar, baina liburu hau atera egin behar zen» aitortuz hasten du Mikel Soto Txalapartako editoreak liburuari idatzi dion hitzaurrea, Arrietaren azken lanak kaleratzeko izan dituen zailtasunak aipatuz. Atzo ideia bera berretsi zuen hedabideon aurrean egindako agerraldian. «Jon Alonsok duela hamarkadatik gora ‘Argia’-n idatzitako artikuluan Jethro Tull taldeko Ian Andersonek kantatutakoa gogoratzen zigun ‘zaharregiak rokanrolerako eta gazteegiak hiltzeko’. Horra, Joxe Austin, zaharregia esperimentuetarako, gazteegia hiltzeko», nabarmendu du hitzaurre berean. Zailtasunak Ez da lehen aldia argitaletxeetan ate joka ibili eta ezezkoak jaso dituena. “Terra Sigillata” nobelarekin ere gertatu zitzaion. Orduan ere Txalapartak eman zuen pausoa. Sotok galdera jarri du mahai gainean: zer gertatu da euskal literaturan, duela bi hamarkada euskal idazleek bozketa bidez hamar euskal idazle onenen artean kokatzen zuten egilea egun euskal Parnaso txikitik erauzia izateko? Naturaltasunez bizi du Arrietak. «Azkenengo urteotan izan dut zailtasunen bat lanak argitara eramateko. Beharbada nire estiloa zaildu egin da eta problemaren bat edo beste izan dut. Literaturan edozein generotan, eta beharbada gehiago poesian, zure subjektibitatea ematen ari zara eta badakizu batzuei gustatuko zaiela, eta beste batzuei ez. Horretaz erabat kontziente izan behar dugu eta ez harritu, ez mindu», adierazi zion GARAri. Arantza barruan Baina bere literatur bidean badu arantzarik. «Esperientziarik kezkagarriena Prousten itzulpenarekin [‘Denbora galduaren bila / Swann-enetik’] bizi izan dut. Mundu osoan miretsitako eta ia jainkoturiko autorea izanda, egiten duzu bere itzulpena eta horrek batere oihartzunik ez izatea, hori bai dela harrigarria. Hau ez da nire subjektibitatearen arazoa, hemen arazo objektiboren bat bada, hori euskal irakurlegoari ulergaitza egiteko», esan zuen. Nolanahi ere, ez du ezkutatzen bere susmoa, ez ote den 80-90 hamarkadetan gelditu estekatuta. «Jakin seguru ez dakit, baina susmo sendoa behintzat badut, 1987az geroztik, ‘Manu militari’-z geroztik zehazki, gutxi, arraro eta errepikakor idatzi dudala. Chateaubriand-en esaldi famatu bat parodiatuz, zera esan nezake agian neuk ere: ‘Ondotxo dakit zer naizen, liburuak egiteko makina bat besterik ez’. Nire kasuan, ‘liburuak’ ez, ‘liburua’ esan beharko nuke. Izenak aldatzen dira, agertokiak, batzuek eta besteek iruten eta harilkatzen dituzten istorioak ez dira beti berberak eta ezta berdinak ere. Baina ikuspuntua, fokua, testugintzarako labea edo sorgunea, beti bat eta bera ez ote den nago: nire niaren barne-haustura, barne-ezpaldura. Eta gainera, beti jartzen ditut neure pertsonaia-narratzaileok testu zaharren gainean lanean, testuon exegesia eta kritika eginez. Oraingoan ere bai. Badirudi ez dakidala bestela idazten. Beraz, ez nau harritzen jadanik irakurleen gustuarekin ez konektatzeak», kontatu zuen. Beti pentsatu izan du Arrietak editoreen lana ikaragarri zaila dela. «Ekoizpena ugaritu eta beharbada hobetu ere egin da eta zein atera eta zein ez erabaki behar dute. Oso delikatua da. Frustrazioa ote den lan bat tiraderan edo ordenagailuaren tripetan geratzea? Bai, bada, baina naturaltasunez asumitu beharreko posibilitate bat da», esan zion ondoren GARAri. Alaitasun motiboa Urteak joan dira literaturgintzan Arrietaren ahotsa plazaratu zenetik eta hasierako ilusioa eta urduritasuna ez dira berberak izango, baina oraindik ere pozgarria egiten zaio. «Norbaitek zure liburuak merezi duela esatea pozgarria da oso. Nire hitza ez da bakarrik nire golkoan geratzekoa, beste norbaiti ere zerbait egiten dio, eta hori da bizitzako alaitasun motiborik handienetakoa». 66 urteak beteak ditu. Erretiratu denetik denbora gehixeago du idazteko. Idaztea. «Norbere mamuekiko behin-behineko menia. Denok barruan ditugun kontraesan, kezkak... nahiz zeharo ez ditugun menperatzen. Haiek gu zeharo menperatzen ez gaituzten bitartean ez gabiltza hain gaizki». Mikel Antzak liburuari idatzi dion epilogoa interesgarritzat jo zuen, nahiz bertan Arrietaren poesiaren aurrean Antzak poesia herrikoiagoa eta komunikagarriago baten aldeko bere jarrera agertu. «Eskubide osoa du. Baina denontzako tokia dago», aldarrikatu zuen. ARGITARA EMAN «Liburu hau ez zuen Txalapartak atera behar, baina liburu hau atera egin behar zen» aitortuz hasten da Mikel Soto Txalapartako editoreak liburuari idatzi dion hitzaurrea. POZA «Norbaitek zure liburuak merezi duela esatea pozgarria da oso. Nire hitza ez da bakarrik nire golkoan geratzekoa, beste norbaiti ere zerbait egiten dio, eta hori da bizitzako alaitasun motiborik handienetakoa»