Ingalaterrarik ez Espainian
Esku artean erreportaje baterako bi grafiko. Batean, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko datuak. Bestean, Estatuko gainontzekoak. Grafiko bakoitzak izenburu labur bat behar du. Lehenengoan dudarik ez: Estaturik gabeko nazioak. Baina bigarrenean? Espainia? Estatudun nazioa? Gaztela handia?
Duda existentziala errazago azaltzen da konparazio batekin: izen eta nortasun propioa duten lurraldeek osatzen duten Britainia Handiarekin, adibidez, zeinean inork ez duen bere izena inposatzen. Hitz gutxitan esanda, Britainia Handia desagertuta ere, Ingalaterrak badu izena eta izana. Beste hainbeste, jakina, Irlanda iparraldean, Eskozian eta Galesen. Akademian ikertu omen da fenomenoa, baina ez da behar doktoretza izatea hau ulertzeko: ingeles bati inoiz ez litzaioke bururatuko eskoziar bati ingeles deitzea. Askoz errazago ulertzen da horrela horiek Eskoziako erreferenduma dramarik gabe onartu izana, ingeles identitatea kolokan sentitu gabe.
Izena jartzea izaten da zerbait irudikatzeko lehenengo pausoa, eta Galizia, Herrialde Katalanak eta Euskal Herria kenduta Estatuan gelditzen den lurralde horrek ez dauka berezko izenik, Espainia ez bada. Normala, beraz, independentismoak nortasun espainiarra kolokan jartzea.
Baina kontuz erruak kanpoan bakarrik ikustearekin. Irlanda iparraldean eta Eskozian desberdin bozkatu zuten Brexitari buruz, Katalunian eta Euskal Herrian joan den igandean bezala. Ondorioak, ordea, aurkakoak: independentziari begira han, aldatu nahi ez duen Espainia bat aldatzen tematuak hemen.