GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Aimar Irigoienek bete egin ditu aurreikuspen guztiak


Ez zen inongo ezusterik izan eta Aimar Irigoienek eskuratu zuen Gipuzkoako Harri Txikien finala atzo, Usurbilen, sekulako jendetzaren aurrean. Kirolari bakoitzak 125 kiloko zilindro kopa, 113 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili zituen eta bakoitzarekin aritzeko hiruna minutuko txandak izan zituzten.

Aimar Irigoien zen irabazteko faborito nagusia, eta errezildarrak ez zuen hutsik egin, harri guztiekin onena izan baitzen. 32 jasoaldi eman zizkion kopari, 22 kubikoari eta 26 bolari, guztira 80, eta denera 9.075 kilo jaso zituen.

Bigarren posturako borroka handiagoa izan zen, jasoalditan berdinduta geratu baitziren Lopetegi eta Izeta IV.a, baina kilo gehiago jaso zituen Lopetegik. Honek 30 jasoaldi eman zizkion kopari, 20 kubikoari eta 22 bolari, denera 72; eta 8.200 kilo bizkarreratu zituen. Izeta IV.ak, aldiz, 27 eman zizkion kopari, 21 kubikoari eta 24 bolari; guztira 72, baina 8.137,5 kilo jasota.

Laugarren postua Eizagirrerentzat izan zen. Honek denera 63 jasoaldi lortu zituen. 25 jasoaldi kopari, 17 kubikoari eta 21 bolari, denera 7.137,5 kilo jaso zituen. Sailkapena Peñagarikanok itxi zuen. Honek ere Eizagirrek bezainbeste jasoaldi lortu zituen, baina kilo gutxiago. 23, 16 eta 24 jasoaldi egin zituen, eta denera, 7.075 kilo.

Bestetik, Aranburuk bere marka pertsonala ondu zuen atzo, Urrestillan. 225 kiloko harri errektangular modernoarekin aritu zen bost minutuan, eta hiru jasoaldi lortu zituen. 14 segundoan eman zion aurrenekoa, 2 minutu eta 35 segundoan bigarrena, eta hirugarrena 4 minutu eta 50 segundoan. Lehen 213koa zeukan jasota.