Jose Manuel CASTILLO

ERREFUXIATUEN ALDEKO ELKARTASUN KARABANAK GREZIARA BIDEA HARTUKO DU

Hainbat gizarte eragilek deituta, gaur bertan bi autobus aterako dira Bilbo, Gasteiz eta Iruñetik, Greziaraino iritsiko den karabanan. Errefuxiatuen asilo eskubidea babesteko eskatzea eta Europar Batasunaren politika «ankerrak» salatzea izango dute helburu.

Errefuxiatuen krisiaren aurrean estatuen eta Europar Batasuneko erakundeen geldotasunari aurre egiteko, Euskal Herriko eta Europa osoko ehunka herritarrek ekimena hartzea erabaki dute. Greziara Karabana-Mugak Irekiz ekimenarekin bat eginez Euskal Herritik bi autobus aterako dira. Lehen geldialdia gaur bertan egingo dute, goizeko hamaiketan Iruñeko Udaletxe Plazan agerraldi politikoa egiteko. Bertatik, Bartzelonara joango dira, estatu espainol osotik hainbat gizarte eragilek antolatu dituzten autobusekin bat egiteko. Kataluniako hiriburutik, Atenaseraino iritsiko den bidaia aldarrikatzailea egingo dute.

Gasteiz Irekia, Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldea eta Iruñea Harrera Herria herri ekimenak bat eginez antolatu dute Euskal Herritik aterako den karabana. Ekimen hauek guztiak tokian tokian, bakoitza bere inguruan, hasi ziren aldarrikapenak egiten eta erakunde publikoei errefuxiatuen asilo eskaera bete dadin pausoak eman ditzaten eskatzen. Mikel Garmendiak, Gasteiz Irekia taldeko kideak, hasieratik jaso duten herritarren konpromisoa nabarmendu du: «Negu partean hasi ginen errefuxiatuen aldeko ekintzak antolatzen eta ordutik hona herritarren erantzun izugarriaz gain, Gasteizko Udalak ere gure ekimenak babestea lortu dugu». Gainera, nabarmendu nahi izan du taldeak herritarren laguntza ekonomiko soilarekin antolatu dituela ekintza guztiak.

Pauso bat gehiago da karabana, tokian tokiko aldarrikapenetik nazioartekora egingo baitute jauzi. Bidaiaren helburuetako bat Estatu espainolak jarreraz aldatu eta errefuxiatu kuotak bete ditzan eskatzea izango da. Horregatik, Greziara bidean geldialdia egingo duten hiri guztietan, espainiar kontsulatxearen aurrean protesta egingo dute. Horrez gain, errefuxiatu kanpamentu ezberdinak ezagutzeko aukera ere izango dute. Bertan, No Borders Europa mailako ekimenarekin egingo dute bat. Garmendiaren esanetan, ekimena osatzen duten guztiak «behetik gora» antolatutako herritar ekintzaileak dira.

Bidaiak hamar egun iraungo ditu, uztailaren 15etik 25era. Baina Garmendiak aditzera eman duenez, baliteke bidaiari batzuek euren egonaldia luzatzea: «Herritarren laguntzeko prestutasuna ikaragarria da, ez gara Greziara errefuxiatuei laguntza eskaintzera joan garen aurrenak ez azkenak. Horregatik, gurekin datozen hainbatek euren egonaldia luzatuko dute jada egun errefuxiatuei kanpamentuetan laguntza eskaintzen dieten hainbat proiekturekin bat eginez».

Aldarrikapenez beteta

Greziara Karabana-Mugak Irekitzen ekimena osatzen duten eragile guztiek Europako gobernuei zein Europar Batasunari zuzendutako eskakizun zerrenda osatu dute. Aldarrikapen nagusia Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 13. artikuluan oinarritzen dute, honen arabera pertsona orok du beste estatu batean bizilekua libreki aukeratzeko eskubidea. Ekimenaren manifestutik, errefuxiatuak seguru eta eskubide guztiekin etorri ahal izatea aldarrikatzen dute.

EBk eta Turkiak martxoan sinatu zuten akordioa deuseztatzea ere beraien aldarrikapen nagusietako bat da. Izan ere, Europako gobernuek onartutako hitzarmen honek Europako Giza Eskubideen legedi guztia urratzen duela deritzote. Aldi berean, errefuxiatuek beren herriak utzi behar ez ditzaten, beharrezkoa ikusten dute Europak zeharka edo zuzenki Ekialde Hurbilean bultzatzen dituen esku-hartze militar guztiak etetea. Halaber, europar gobernu orori eskatuko diote giza eskubideak urratzen dituzten herrialdeekin armagintza salmenta etetea.

Estatu espainolari zuzendutako aldarrikapen zehatzak ere badituzte, eta horrela helaraziko diote hiri ezberdinetan dituen kontsuletxeetan egingo dituzten protestetan. Besteak beste, Zeuta eta Melillako hesien kontzertinak kentzea, beroan egindako itzulketak amaitzea edota dagokion errefuxiatu kuota betetzea eskatuko diote Estatu espainolari bere kontsuletxeen aurrean.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 2015ean 65 milioi pertsona baino gehiagok utzi zuten euren bizilekua gerrek, goseteek edota bestelako arrazoiek behartuta. Horietatik %54 Siria, Afganistan eta Somaliatik zetozen. Halako krisi sakonen aurrean, gizarte zibiletik eman den elkartasun uholde honek estatuak agerian utzi ditu. Karabanatik argi dute: «Suminak eta elkartasunak mugitzera behartzen gaituzte, ezin dugu sarraski hau onartu».

 

Azken agur aldarrikatzailea greziara abiatu baino lehen

Agerraldia egin zuten atzo Gasteiz Irekia taldeko kideek Aihotz plazan, karabana abiatu bezperan. Mikel Garmendia Gasteiz Irekiko kideak herritarrak deitu ditu gaur, 09.15 aldera, Europa jauregian biltzera, karabanan joango direnak agurtzeko. Autobusa Bilbotik aterako da eta Gasteizko herritarrak jaso ondoren, Iruñean egingo dute lehen agerraldia Euskal Herriko bi autobusek, Greziara bidean jarri aurretik. Agerraldian, Gasteizen gero eta balkoi gehiagotan ikus daitezkeen banderolak erakutsi zituzten eta herritarrek ekimenarekin izan duten konpromisoari eustea beharrezkoa dela nabarmendu zuten.

J. M. CASTILLO