Askatasunaren xuxurla
Espetxeetatik irteten den beste oihu bat, aldarri bat, iritsi zaigu Susa argitaletxearen eskutik. Kasu honetan, Ekhine Eizagirre da aldarrika, eta bere oihartzuna gurera iritsi da liburu honetako orrialdeetan durunda eginez. Lehen poema-liburua du Eizagirrek, eta preso dagoela kontuan hartuz, ukaezina da kate-hotsa, baina ozenago entzuten da askatasunaren xuxurla.
Izan ere, preso egotearen eta askatasunaren arteko lehia horretan bigarrena gailentzea nahi izan du, askatasuna zer fisikoa baino gehiago psikologikoa dela ulertaraziz: “armairutik atera/ eta lokutorioan/ bahitu gaitizten, maite/ baina gure gogoek/ elkar hartu eta/ hegan egiten diten, aske”. Espetxeratu ostean, etsipena eragitea izaten da bigarren zigorra, baina Eizagirrek muzin egin dio ezaugarri horri eta ez du aurpegi hori azaldu nahi: “Kristauek nahi luketen bezala/ geure buruez gupida ez gaitezen/ –leziorik ez, eskerrik asko–/ zuen zibilizazioaz trufatzen gara./ Ez dugu maite gupida, pena eta erruen bazka”.
Aldarrikapen orok dauka amorruaren sinfonia motela atzean eta, liburu honetan maiz entzungo dugu musika hori: “triku itxurako katu amorratuak bezala/ ezin diet beste era batera so egin uniformeei”. Puta izeneko aleak ere badu amorru-durundia ere, barruko sutondoa ederki piztuta dagoela idazten diren horietako baten antza du: “Izan nahi dut puta./ Hankartea zabaldu munduari!/ Zupa zein zurrupa,/ plazera bezero nagusi,/ bizia igaro ilargiari uluka!”.
Poema laburrak dira gehienak, narratiboak eta zuzenak. Horrenbestez, erritmo bizian igaroko gara aurrera, alez ale barne-askatasun hori eraikiz eta, amaiera aldera, maitasunaren ezkilak entzungo ditugu nabarmenago, plazer eta desirazko kolpe bortitzekin nahasita: “Urperatu nahi dut ahoa/ zure haragi samurrean,/ kosk egin ipurmasailean”. Tartean ez dira faltako, hitz-joko dotoreak – “Bi su artean bisou,/ zu eta ni, ni eta zu./ Nolako plazera, aizu!”– horma-pintada itxura duen alerik eta haiku antza duenik.
Presoak egindako oihua ongi entzungo dugu idazlearen ahotik eta ale bakoitzak izango du bere zarata bortitza, hitzari hitza josita gauza asko esaten baitu Eizagirrek, lastoarentzat tarte gehiegi utzi gabe, hiztegietan itotzen diren hitz apainetara jo gabe, idazluma gezia bailitzan idazten baitu, edonork, nahi duenak, ulertzeko moduan.