Estibalitz EZKERRA
HELDUEN LITERATURA

Une iragankorrak

Emakumeen bizipenak eta bizitzari buruzko ikuspegia dute ardatz Goiatz Labandibarren “Fotogramak” bildumako 11 ipuinek. Maitasuna edo haren falta maiz azaltzen da kontakizunetan, baina bestelako gaiak ere jorratzen dituzte, hala nola heriotza goiztiarrak (“Behin mundua berea izan zen”), heldu izatera behartutako haurrak (“Itxurak”), suizidioaren aukera (“Bai edo ez (agian)”) zein abortua (“Ez galdetu deus”).

Bilduma abiarazten duen “Hurrengo festa” ipuinak 1960ko hamarkadako New Yorkera garamatza. Rory alaba gazteari senar ona topatu nahi eta, Philip Johnson arkitektoaren laguntzaz, Bosgarren Etorbideko goi-mailako jatetxe batean dantzaldi aparta antolatu dute Kelly senar-emazteek. Bertan bildu dira Manhattaneko familiarik aberatsenak eta hautagaiak ez dira falta; horrela uste du Kelly andereak. Roryk zer uste duen ez dakigu, ordea. Hark saltsa honi guztiari buruz zer pentsatzen duen ez zaigu aditzera ematen, akaso dantzaldian dauden guztietatik inori ez zaiolako inporta.

“Zapata zuriak oin beltzentzat”, berriz, Apartheid garaiko Hegoafrikan kokaturik dago. Oraingoan klaseak eta arrazak zaildutako genero berekoen arteko harremanaren lekuko egiten gaitu ipuinak. Ncis neskato beltzak hamar urte betetzeko eguna iristear da eta amak zer opari nahi duen galdetzen dio, bere nagusiak, Spencer andereak, eros diezaion. Ohitura bihurtu da harenean alabetako batek hamar urte betetzen dituenean Spencer andereak zerbait oparitzea. Ncisek zapata pare bat besterik ez du nahi, zuriak ez, “egokia” izango litzatekeena amaren ikuspuntutik, baizik eta beltzak, eskolako neska takde batekin dantzan aritu ahal izateko. Spencer andereari, jakina, bost axola dio zapatak beltzak ala zuriak diren; dirua eta klase soziala baditu arauak hautsi eta zuriak bakarrik onartzen dituen zapata-dendara haur beltz bat eramateko. Eta zapata beltzengatik pozez txoratzen umea bezero zuri harrituen aurrean dantzan hasten denean barre egiten du, pozik. Eta umea pozik doa eskolara, zapata berriekin. Zer adierazten dute bi poztasun une horiek, ordea? Ipuinak ez du argitzen.

“Ile motzeko neska” gerra garaiko Bartzelonan kokaturik dago. Hara doa, ilea motz-motz moztu ostean, mutiltzat har dezaten, Marina, faxisten kontra borrokatzera. Errusiatik joandako kazetari bat ezagutu eta haren bitartez maitasunaren ingurukoak ezagutzea izango da gerrako bere esperientzia. Maitasuna eta maitale kontuak dituzte hizpide “Modaren hiria” eta “Ohean gosaltzen” kontakizunek ere. Azken horrek maitasun perfektuaren bila dabilen emakume gaztea du protagonista. Zehazten ez zaizkigun arrazoiengatik porrot egingo duten hiru harreman izan ostean, gizonekin hirurak, bere bikote perfektua aurkituko du, ohera gosaria ekartzen diona, emakumea hura. “Modaren hirian” ipuinean ile-apaintzaile batek Parisko emakumeek Simone de Beauvoirri zenbat zor dioten kontatzen digu, maitaleak edukitzearen abantailak ikusarazi dizkielako. Haren eta Jean-Paul Sartreren arteko harremana ametsezkoa izan balitz bezala azaltzen digu –baina ez zen horrela izan– eta Paris bera, klixeari jarraituz, maitasunaren hiri moduan deskribatu. “Interdit” ipuinak, ordea, bestelako Paris aurkezten digu, gizonek “gizon” moduan jokatzen duten Ivry langile auzo ingurukoa, emakumezkoak onartzen ez dituen tabernako jabearentzat, emakumea bera, ametsezkotik ezer ez duena.

Garaia zein kokalekua, klasea zein arraza eta narratzailea aldatu egiten dira kontakizun batetik bestera. Hala ere, ezberdintasun horiek ez diete istorioei konplexutasun handirik gaineratzen; anekdota bat besterik ez dira, ipuin batetik bestera aise desagertzen diren uneak. Gauza bera esan daiteke ipuinen sorburu izan ziren argazkiez. Istorioak argazkiekin elkarrizketan irakurtzera gonbidatzen gaitu idazleak. Hala ere, argazkiek ez diete ipuinei ezer gaineratzen eta alderantziz.