Koskari falta zaiona
Espero nuen aurten sanferminen gainean idatzi behar ez izatea; beste behin adierazi behar ez izatea jai jendetsu zezenzale horiek, besteak beste, jendartean dirauen bortizkeriaren isla garbia direla, animaliekin gupidagabeak, eta emakumeekin ere bai. Ohituta gaude astebete pasatxoz egunero, entzierroari buruzko informazio xehearekin batera, gizonezkoen adarkadak jasotako zenbait emakumeren berri izatera (eta, ezinbestean, isilpean geratuko ziren guztiak irudikatzera). Elkarrekin doaz Iruñeko jaietan, Hemingway idazle-ehiztari-odolzale-matxista alkoholizatu hark nazioartean oso modu zehatzean ospetsu bihurturikoetan, herritarron berezko alaitasuna eta besteari eragindako minaren sufrimendua.
Ohituta gaude, sanferminak dira. Emakumeok masan jasaten ditugun ukituak, berba zatarrak, txantxa laidogarriak, ustezko losintxak, eskatu gabeko hitz politak… festen berezko alboko kalte saihetsezinak dira, festa guztien bereizgarriak, jende gehiegi, alkohol eta droga gehiegi, kontrolik gabeko eromen gehiegi pilatzearen ondorio naturalak. Bortxaketak, berriz, horren guztiaren koska bat gehiago, bere burua kontrolatzeko gai ez den gizon erdi-eroren batekin topo egin izanaren zorte txarra. Horrela izan da beti, nahikoa izan da testosteronari eta alkoholari eta gizonezkoen sexu-grina eutsiezinari aipamen egitea sexu-erasoak esplikatzeko, eta ez ditugu, hasteko, eskuak behar beste eraman izan burura, bortizkeria hori salbuespentzat jota.
Orain arte. Aurtengo sanferminetan, izan da indarkeria sexista, erruz, baina baita inoiz ez bezalako erantzun soziala ere. Iruindarrek ez dituzte eskuak burura eraman eta lasai asko parrandan jarraitu, ez; bildu dira kalean euren festetan onartuko ez dutena argi uzteko, munduari irudi hau ere erakusteko: zapi gorrien jaietan denak ez du balio, eta ez ikusiarena egitea agortuta dago. Sanferminak, aurten, genero-indarkeriaren kontrako erantzun irmo adierazgarriak blaitu ditu, inoiz baino sendoago, sekula baino azkarrago, alegia, festen euren erdian, pasatzen utzi barik. Hori bada koska garrantzitsu bat, atzera bueltarik gabeko pauso handia.
Nahiz eta sentitu, halere, sanferminek berdin-berdin jarraitu dutela aurrera, ez dela egitaraurik moldatu, ez dela entzierrorik edota zezenketarik bertan behera utzi, ez dela festak eta jendartea benetan astinduko lituzkeen ekintzarik egin. Nahiz eta sentitu, agian, herritarron erantzuna bakarrik ez dugula nahikoa…