J.L.
sokatira

Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketa azken txanpan sartu da

Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketa amaitzeko bi jardunaldi besterik ez dira geratzen, eta azken-aurrekoa bihar jokatuko da, 11.30etik aurrera, Berangon.

580 kilokoan bigarren jardunaldia jokatuko da, eta garbi dago txapela Gaztedi A eta Goiherri A taldeen artean egongo dela. Zerbait argitu daiteke, baina azkeneko jardunaldian erabaki beharko duen itxura guztia dauka.

Aipaturiko bi talde hauez gain, Gaztedi B, Gaztedi C, Goiherri B eta Akelarre lehiatuko dira. Gaztedi C dabil tiraldirik irabazi ezinik, eta badirudi pisu honetan ere azkeneko postua beretzat izango dela. Beste taldeek hirugarren postuaren bila aritu beharko dute.

Aizkora

Bestalde, asteartean jokatuko da Gipuzkoako Lehen Mailako aizkolarien finala Mendaroko pilotalekuan, 18.00etan. Bertan, Iñaki Azurmendi, Arria V.a. Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugertza eta Eneko Otaño izango dira lehiatuko diren aizkolariak.

Kirolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki beharko ditu, azken urte hauetan izaten den lan bera, eta Euskal Herrikoarekin alderatuta, bi oinbiko gutxiago. Badirudi faborito nagusiak Arria eta Azurmendi direla, baina Larrañaga ere ezin ahaztu, bera ere txapelaren bila joango baita. Azkena geratzen denak maila galduko du, eta hasiera batean badirudi borroka hori Mugertzaren eta Otañoren artean egongo dela, baina hori hantxe bertan ikusi beharko da.

Aurten faltako dena Joxemari Olasagasti da. Igeldokoak oraindik ez du bere besoko lesio larria erabat gainditu.