JUL. 24 2016 Interview BEGOñA PEDROSA MONDRAGON UNIBERTSITATEKO DEKANOA «Giza harremanetan eragitea da hezkuntzan daukagun erronka nagusia» Begoña Pedrosa (Areatza, 1975) Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (Huhezi) dekanoa da. Azken garaian berrikuntza ugari ezarri du Huhezik gradu eta masterretan irakasleen prestakuntzari dagokionez zein hezkuntzan sistemak dituen erronka eta proiektuei erantzuteko. Hobetzeko bidean, balioetan ipintzen du fokua Pedrosak. Last update: JUL. 24 2016 - 09:11h Nerea GOTI BILBO Zein da hezkuntza sistemaren diagnostikoa? Datuei begiratuta baikorrak izan beharko genuke. Heziberri proiektuarekin bide bat hasita dago eta horretan sakondu behar dugu. Badaude hainbat alderdi hobetzeko eragile guztien artean. Badago aldaketa bat beharrezkoa dena: balio sistema berri bat sartzea gure sisteman. Uste dut hor badaukagula ariketa bat egiteko, eta, hitz egiten dugunean ebaluaketari buruz eremu pedagogikoan, uste dut hezkuntza sisteman momentu honetan erronka bat badela zentroetan fokua jartzea. Zentroetan gauzatu behar da aldaketa, testuinguruak asko markatzen du. Fokua formazioan ere jarri behar dugu eta benetan eraginkorra izateko zentroa bera hartu behar da ipar moduan. Sinesten dugu zentroaren lidergoan, pertsonek ekar ditzaketen lidergo berrietan, enpoderamendu ariketa bat egitea komunitate osoan. Hezkuntzaz, berrikuntza terminoetan hitz egiten dugunean gure iparra ere bada komunitatearen eraldaketa. Komunitate horretan dauden elementuak kontuan hartuta, alegia, zer eremu soziolinguistikoari buruz hitz egiten ari garen, zein den errealitatea, zein diagnostikoa, zeintzuk motibazio dauden... lerrokatu behar ditugu motibazio horiek eta horretarako balioen inguruko ariketa egin behar dugu. Hezitzaile modura kezkatzen nau asko hitz egiten dela hezkuntzaz eta askotan tresna politiko moduan hartzen dela. Denok egiten dugu eta denon erantzukizuna da, baina uste dut horrekin kontuz ibili behar dugula, zeren askotan jausten gara alderdi negatiboetan eta badaude hainbat saialdi, hainbat proiektu interesgarri kanpoan, eta joan behar dugu sareak osatzera, praktika horien identifikaziora eta akonpainamendu lan potente bat egitera. Gure sisteman oraindik pisu handiagoa dauka edukien pilaketak bestelako trebezietan sakontzeak baino? Mezua berriro da zentroak eurak enpoderatzea. Gure aholkua beti da ‘has gaitezen testuingurutik’ eta berriro balioekin lotuta. Sortu behar dugu balio sistema berri bat eta horrek inplikatzen du irakasleria, ikasleria, guraso taldeak, udal gobernuak, unibertsitatea... Aldaketa integralak egin behar dira. Asko hitz egiten da konpetentzien inguruan, eta hor dago fokua. Sustatu behar dena ikaslearen konpetentzien garapena da. Apustua da materiak desagertzea, baina hori eraiki egin behar da, zuk sortu behar duzu testuinguru bat ikaste-irakaste prozesua beste modu batean egiteko. Horrek dakar komunitatearen lerrokatzea, ikuspegia lerrokatzea, hizkuntza berdintsua erabiltzea... Pentsatzen dugu programazioa interesguneen ildotik joan behar dela, interesguneetan integratzen dira ezagutza guztiak eta horrela osatu beharko litzateke curriculuma. Eskola tresna bat izaten ari da transmisio konpartimentatua egiteko. Dugun erronka nagusia giza harremanetan eragitea da. Elkarrekin sortzen diren elkarrekintzak hezkuntza komunitatean funtsezkoak dira eta proiektu bat eraikitzeko hezkuntza komunitate batean elkarrekintza hori elikatzea, ikuspegia konpartitzea eta giza harremanetan lan egitea beharrezkoa da. Hor gatazka gutxiago izango dugu ikasleei begira ere. Hortik dator inklusioaren gaia ere. Eredu berritzaileenak ez dira nonbait azterketekin ebaluatzen; badaude hainbat eta hainbat praktika on eta Euskal Herritik harago begiratzen ari naiz, non gatazka gutxiago dauden zentroetan eta bertan ez den azterketarik egiten, eta hori lotuta dago balioekin, lotuta dago sortzen den giza harremanarekin, sortzen den ikuspegi konpartituarekin; hau da, denok sinisten dugu hau dela bidea. Eredutzat hartzen ditugun beste sistemetan pisu handia du formazioak. Zelan gaude arlo horretan? Formazio eredua aldatu behar dugu eta hori ez da egiten aldaketa koiunturalekin; aldaketa estrukturalak egin behar ditugu. Ahalegin handiak egiten dira profesionalen prestakuntzan, baina, horretaz gain, azaldu dudana egin behar da: zentroaren eraldaketa modu integralean hartu. Niretzat hor dago gakoa, zentroak hartu behar duela enpoderamendua. Apustua badago mahai gainean; egitea dagokigu, eredu hori martxan jartzea dagokigu, eta horretarako aldaketak sartu behar ditugu pertsona askorengan, ulertzeko eta interpretatzeko moduetan. Finlandiarekin alderatzen dugu geure burua. Horrelako konparazioak egiteari utzi behar diogu. Irakasleriak Finlandiako gizartean daukan proiekzioak eta hemen daukanak ez dute zerikusirik. Han egiten den aukeraketa zentroetan oso ezberdina da, familiek hezkuntzan daukaten eragina funtsezkoa da. Hau ez da familien hutsunea, hau sistemaren hutsunea da. Familiak hurbildu behar ditugu hezkuntza sistemara, eta hor aurrerapauso garrantzitsuak dauzkagu. Gero eta inplikazio maila handiagoa dago. Irakasleei animoak eman nahi nizkieke, ahalegin handia egiten ari direlako. Eraldaketa irakasleek, klaustroek, irakasle taldeek... komunitatea eurek egin behar dute. Ikasleen aktibotasun hori badago, asmatu behar dugu horren jarraipen zintzo eta erreal bat egiten, eta ez zait gustatzen ebaluazio hitza, jarraipena egin behar da. Hizkuntzen ereduak eman du berea? Errealitatea anitza da. Hori da gure abiapuntua ildo horretan proposamen bat egiten dugunean. Gure gizartea oso konplexua da termino linguistikoetan hitz eginez, eta eskola bakoitzak, testuinguru bakoitzak, bere bide propioa izan beharko luke erabakiak hartzeko. Hemen oso gai delikatuak sartzen dira, identitateak, besteak beste. Esango nuke komunitate horretatik abiatuta diseinatu beharko genukeela zeintzuk diren benetako erronkak hizkuntz ereduei dagokienez. Daukagun sistema, hein batean, agortuta dago eta beste zerbait bilatu behar dugu, baina ez dago formula magiko bat. Uste dut zentroak kontuan hartu behar duela zein eremu soziolinguistikotan dagoen. Euskararen zentralitatea eta babesa azpimarratuko genituzke eta hor denok daukagu erantzukizuna eta hainbat eta hainbat praktika polit dauzkagu. Ikasleen aniztasun eta heterogeneotasuna nabarmena izanik, proiektu linguistiko interesgarriak daude eta eskola bakoitzak badu zer esan. Guk hor akonpainamendua egiten dugu gure unibertsitatetik, prozesu horretan lagundu eredu eleaniztun eraginkorrak diseinatzen. Proiektu linguistikoa oso gauza kokatua da eta curriculumak malgu eta irekiagoa izan beharko luke, eta hizkuntz gaietan gauza bera, kontuan hartuz non bizi garen eta zer erronka dauzkagun gure hizkuntzari dagokionez. Nire ustez, ikaslearen identitatean lagundu behar dugu, bertakoa izan edo maila sozioekonomiko ezberdinetatik etorria, bere identitate hori aitortzen eta maitatzen lagundu, dagoen testuinguru soziolinguistikoan kokatuta. Irakaslearen sormena ere funtsezkoa da, eta hor bide bat egiten ari gara.