Iraia Oiarzabal
Kazetaria
IKUSMIRA

Hausnarketa garaia

Urte berriko asmo onen antzera, opor garaia aurrera begirako hausnarketarako unea izaten da batzuetan. Deskonexio momentua bada ere, zaila da burua erabat aske uztea, kezka eta pentsamenduetatik libre. Are gehiago, gainean edonolako gailu elektronikoa izanda, une oro gertatzen ari dena pantailan erakutsiko dizuna.

Gauden tokian gaudela, espainiar Estatuko bigarren hauteskundeen osteko elkarrizketen berri izango dugu, irakurriko dugu gobernu osaketarik egongo ote den edo bozak hirugarrenez egingo diren. Eta ikusiko ditugu, hasieran agian diskrezio handiagoz eta denbora aurrera joan ahala makineria guztia martxan jarrita, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alderdi politiko nagusiek nola ekiten dioten hauteskunde kanpainari. Iñigo Urkulluk Espainiako «ezegonkortasunari» begira deitutako hauteskundeak.

Izan ere, bistan da lehendakariak askoz nahiago duela «egonkortasuna». Hots, gauzak bere horretan uztea, deus ere aldatu gabe. Hala ikusi dugu azken lau urteotan. Erabakitzeko eskubidearen inguruan ez da urratsik egin eta estatus berriaren promesa legegintzaldi hasieran utzitako lerroburua besterik ez da izan. Gatazkaren ondorioei begira, astelehenean Azpeitian presoen senideei egindako itsuskeria ikusi besterik ez dago, immobilismoa ez ezik, borondate falta ere sumatzeko. Beste kapitulu batean, gizarte eta ekonomia politikak ez dira berdintasunezko eredu bat eraikitzera begira egin. Datuek egoera hobetze bidean dagoela diote; herritar askoren bizi baldintzak, ordea, ez doaz norabide berean.

Hausnartzeko garaia iritsi zaigula esango nuke, iraila urrun ikusten dugun arren.