AUG. 06 2016 Aizkora Jauregik aise irabazi du Arabako txapela J.L. Arkaitz Jauregik irabazi zuen atzo Gasteizen jokatu zen Arabako aizkolarien finala. Ilarduiakoa faboritoen artean zegoen, eta oso erraz lotu zuen txapela, bigarren sailkatuari bi minutu pasako aldea kenduz. Jendetza batu zen Gasteizko Foruen plazan finala zuzenean ikusteko. Aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Hasieratik ikusi zen Jauregi besteen gainetik zegoela. Berehala hartu zuen aurrea eta zuloa egiten joan zen. Rodriguez II.a izan zen hari aurre egiten saiatu zen bakarra, baina lan erdietatik aurrera ezin izan zuen, eta azkar geratu ziren aurreneko bi postuak erabakita. Hortaz, emozioa hirugarren posturako geratu zen, beste hiru aizkolariak pare samarrean aritu baitziren. Gainera, azkeneko sailkatzeak maila galtzea zekarren, eta hortxe izan zen emozioa. Azkenerako, ordea, Kortxero atzean geratu zen, eta hirugarren posturako Rodriguez I.ak eta Zubiagak izan zuten lehia, amaieran bien artean 24 segundoko aldea besterik ez baitzen egon, kolpe gutxi batzuena, alegia. Jauregik, 15 minutu eta 51 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko. Atzetik, Rodriguez II.a (18.15), Rodriguez I.a (20.12), Zubiaga (20.26) eta Kortxero (21.28) sailkatu ziren. Azken honek datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko du. Bestalde, atzo Gasteizen saio gehiago ere izan zen ikusgai. Julen Diaz harri-jasotzaileak marka pertsonala lortu zuen 180ko harri errektangularrarekin. Arabarrak hiru minutuko txanda bat izan zuen, eta hiru aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean, eta horretarako 2 minutu eta 49 segundo behar izan zituen. Emakumezkoen lokotx-biltzeko finala ere jokatu zen, eta Zuriñe Frutosek irabazi zuen. Lan guztiak amaitzeko 7 minutu eta 31 segundo behar izan zituen; Anduagak, 7 minutu eta 43 segundo eta Alonsok, 7 minutu eta 55 segundo. Gasteizen herri kirol jaialdiek jarraipena izango dute gaur, 12.00etan Foruen plazan. Txapelketa bakarra jokatuko da gaur, Arabako orga-jokoko finala izango baita, baina gero erakustaldiak ere izango dira.