Saharako ipuin bat
Saharako errefuxiatu kanpamentuetan ipuin bat kontatu zidaten. Ipuineko protagonista neska saharar bat da, errefuxiatuen kanpamentuetako batean bizi dena. Neska oso triste dago aitona hil zaiolako. Neskatoa negar eta negar ari da, baita beste senideak ere, negar malkotan denak, aitona hiltzeak sortutako saminaren adierazgarri. Neskatikoak, eta senide, eta auzokide eta Wilayako guztiek, negar eta negar egin zuten... erreka bat sortu zuten arte. Erreka oro itsasora doala jakinda, malkoen errekari segitzea erabaki zuten denek. Errekak Marokok eraikitako harresia ere gainditu zuen, Atlantikorako bidean. Itsasoraino heldu zen erreka; bai itsasoraino heldu zen erreka, eta hara heldu zen neska sahararra ere, senide eta lagun guztiekin, hainbestetan amets egindako Mendebaldeko Saharara.
Oporraldia Bakean programari esker gure etxean uda ematen duen Galia neskato sahararrak azken uda du gurean, eta, zalantzarik gabe, bost urteotan berak guri askoz gehiago eman digu guk berari baino. Orain, egun gutxi batzuk baino ez zaizkie gelditzen ume sahararrei eta laster itzuliko dira errefuxiatu kanpamentuetara, senideengana. Gure neskatilak hamahiru urte baizik ez dituen arren, oso garbi du kontu bat: gerra badago, bera ere joanen dela borrokatzera. Eta hori entzuteak, neskato baten hitz xaloekin esanda, arranguraz beteta uzten nau.
Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente berriak, Brahim Ghalik, asmatuko ahal du itsasorako bidea urratzen armak berriz hartu beharrik gabe.