AUG. 15 2016 ZIRIKAZAN Gizon bat Josebe EGIA Enekok eta Isak urte pila bat daramatzate elkarrekin; bi seme-alaba dituzte, eta atzerrian bizi dira. Hantxe, Isak bere karrera profesionala garatzen dihardu, zientziaren esparruan. Eneko, berriz, etxeko gizona da, eta egunero arduratzen da erosketez, garbiketaz, haurrez… eta bere literatur sorkuntzaz. Izan ere, aspaldi erabaki zuen zientziaren esparruko lan-ibilbidea utzi, eta bere ahalegina, indarra eta maitasuna literaturari eskaintzea. Beste bizimodu bat posible delako, hain barneratuta ditugun bikote barruko ohiko rolak falazia hutsa besterik ez direlako. Egunotan, Isa eta umeak oporretan daude kostaldean. Eneko etxean geratu da, gauzak dituelako egiteko; nobela bat bukatu, besteak beste. Komunean, liburu bat dute, bai ala bai ikusi beharreko ehun eta koska filmei buruzkoa. Tarteka, papertxo bat itsasten omen dute batak besteari jakinarazteko zein pelikula ikusiko lukeen gustura. Dagoeneko ikusi dituzte zenbait. Eneko, egunotako bakardadean, beraren gauzetan dabil: idazten, etxekoak konpontzen, zinema ikusten, irakurtzen, plazer hainbatez gozatzen… Aspertu apur bat ere egingo da, ziurrenik, baina zoriontsu dago, ez zaio batere kostatzen. Zorioneko betiere une jakin hartan hartu zuen erabakiagatik, besterik ez zegoela jakiteak eta egunero horren arabera jokatzeak norberari ematen dion kemenak bilduta. Zalantzak zalantza, eta ekidin ezinezko noizbehinkako ahuleziak ahulezia. Poeta etxeko gizon batez besteek zer pentsatuko ote duten bost axola zaiola, etxeko gizon poeta izaera harrotasunez eta erantzukizunez bizi duela. Bai eta eskuzabaltasunez ere; lagun batzuok ostiralero (“Ostiral ero”) jasotzen dugu haren poema-sorta bat, aste horretan idatzitakoak, berrikusitakoak, berreskuratutakoak… haren bizitzaren eta ikuspegiaren zertzelada zenbait, zenbait dardo, zenbait ziztada, zenbait sentimendu-olatu. Zortedunak gu, astero halako sormenezko opariagatik. Etxean geratu da Eneko, gehien maite dituenak kanpora joanak direla. Sartu da halako batean komunean, eta kasualitatez papertxo bat ikusi du itsatsita bai ala bai ikusi beharreko filmen gaineko liburuan. Harritu da, Isa ez dagoelako etxean. Hurbildu da, ireki du liburua markaturiko orrialdean, eta hainbeste urte beraren ondoan daramatzan andreak aukeraturiko hurrengo pelikularen izenburua irakurri du: “Volver”. Haren mezu hori, zer gehiago behar du poetak sentimenduak eta hitzak ezkontzen jarraitzeko.