BEñI AGIRRE
Hernani
GUTUNAK

Juan Zelaiari, esker onez

Euskaldun bat Everesteko gailurrera iritsi zeneko berria mundu osoan zabaldu zen. Hortaz, mundu osoak izan zuen euskaldunon kirol gaitasunaren berri. Askok jakin zuten orduan Tximist pilek izen euskalduna zeramatela. Ez hainbestek, ordea, euskaldunak munduan kokatzeko operazio horren lantaldean Juanito Zelaia zegoela.

Martin Zabaleta nire herrikidea eta Pasang Temba xerpa izan ziren gailurrean. Bi bandera paratu zituzten tripodean, bata ikurrina zen. Gogoratzen dut Martinen ama Monikari irrati batetik deitu ziotela eta testualki honela galdetu ziotela: «¿Qué siente una madre al saber que su hijo es el primer español que sube a la cima?». Monikak, apaltasun osoz eta barru-barrutik honela erantzun zion: «No, no, Martin es vasco». Kazetariak, orduan, «pero si es vasco, ¿será español, no?». Monikak isiltasunarekin erantzun zion. Ez dakit nola erantzungo zukeen Juanito Zelaiak. Hala ere, biak ala biak indartsu bezain apal.

Nik neuk Nabarralderen bidez ezagutu nuen pertsonalki Juanito, orain dela sei urte. Oñatin, bere herrian, 1512ko konkistako kongresuen testuinguruan. Dagoeneko makila baten laguntzarekin zebilen; ibili, zeren beste guztirako energia soberan zuen. Orduan kontatu zidan sostengu ekonomikoaz gain, berak pertsonalki babestu nahi zuela bertan egiten ari ginena. Indartsu bezain apal, zeren eta askok badakite Juanitok diruz lagundu zituela era askotako ekimenak, baina, gutxi batzuek baino ez, ekimen horietako batzuetan Juanito Zelaiak lantaldean parte zuzena hartzen zuela.