Jon LEUNDA
sokatira

Mundu Txapelketan dominen lehian aritu nahi du Gaztedik

Laukizko taldeak eraman du Euskal Herriko Lur Gaineko azkeneko domina.

Gaztedik irabazi du Euskal Herriko Lur Gaineko azkeneko txapela, eta normala ere bazen, hiru talderekin aurkeztu baitzen. 600 kilo mistoko finala jokatu zen, eta Laukizkoen hiru taldeekin batera, Goiherrik bat aurkeztu zuen.

Laukizko taldea, gainera, jaun eta jabe izan zen, izan ere, hiru taldeek aurreneko hiru postuetan amaitu baitzuten. Gaztedi A taldea izan zen nagusi; ekipo hau mutilen aurka ere aritu da lehiatzen denboraldi osoan zehar. Azkenean eurek eraman zuten denboraldiko azken txapela.

Gaztediren hirugarren taldeak amaitu zuen bigarren postuan, eta bigarrenak, edo Gaztedi B taldeak, bukatu zuen hirugarren. Sailkapena Goiherrik itxi zuen. Eta honekin, akabo Euskal Herriko denboraldia, eta hemen Gaztedi izan da jaun eta jabe, bostetik lau txapel eraman baititu. Goiherrik bat jantzi du. Hala ere, mutiletan bi taldeak pare-parean aritu dira, alde handiegirik gabe.

Behin Euskal Herrikoa amaituta, orain Munduko Txapelketari begira jarri beharko dute, irailaren hasieran Malmon, Suedian arituko baitira. Irailaren 8an eta 9an kluben mailako lehiaketa jokatuko dute, eta 10ean eta 11n, berriz, selekzioena. Euskal Herriko Txapelketan aritu diren talderik gehienak han izango dira, eta bi handienen helburua dominaren bat edo beste lortzea izango da. Besteek, berriz, eskarmentua hartu eta ikastea izango dute helburu nagusia.