AUG. 19 2016 Berezkoak Larralderen eta Ducassouren arteko beste dema bat itxaroten dute Larrainen Jon LEUNDA Zuraideko Torneoari Larraineko Betzula Torneoak hartuko dio lekukoa, eta Zuberoan ere egungo pilotaririk onenetakoak ikusi ahalko dituzte, egungo bi izar nagusiak, Larralde eta Ducassou, hantxe izango baitira, baina hemen ez dute elkarrekin bikotea osatuko. Gaur ilunabarrean jokatuko dira bi finalerdiak. 20.00etan izango da aurrenekoa, eta bertan, Bielle eta Harizmendi neurtuko dira Ospitalen eta Ducassouren aurka. Azken hauek dira faborito. Ospitalengan itxaropen asko daude, baina berarengandik itxaroten zena ez du egin orain arte, eta hau izango du aurtengo lehen torneo handia, Masterretik eta Zuraidetik kanpo geratu ostean. Lehen finalerdia amaitu bezain pronto ekingo dio bigarrenak, eta han Larralde eta Ezkurra Etxegarairen eta Amuleten aurka neurtuko dira. Larralde tartean bada, beti ateratzen da faborito. Hasi aitzin dirua euren alde aterako da. Peio Larralde sekulako sasoian dago, eta min handia egiten du orain. Etzi, 11.00etan hasiko da Larraineko Betzula Torneoko finala. Denek Larralderen eta Ducassouren arteko dema espero dute. Une honetan final ia denak jokatzen dituzte, eta hemen ere horrela izatea espero dute denek. Beste final bat ezuste handia izango litzateke.