GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Haizeak eramateko moduko aipuak


Oso aipu entzuna eta, beraz, ezaguna da «zaunka dagite, Santxo, zamalkatzen garen seinale» dioena, eskuarki On Kixoteren ahotik hartua dela gaineratuz errepikatua. On Kixote protagonista duen liburuan, ordea, ez da horrelakorik agertzen.

Hura bezain ezaguna bide da «gu, demokratok» espezieak François-Marie Arouet aspertzeraino erabili izan duen beste hau: «Ez nator bat esan didazunarekin, baina zazpi ahalak egingo ditut hori esan ahal izan dezazun». Egiaz, baina, Voltairek ez zuen halakorik idatzi. Haren biografo Evelyn Beatrice Hallek idatzi zuen gezurrezko elkarrizketa batean, filosofoaren ideiak azaltzeko asmoz.

«Demokrazia izeneko sistema politikoan, goizeko seietan norbaitek kaleko atea jotzen duenean, badakigu esne-saltzailea dela» esan omen zuen Sir Winston Leonard Spencer Churchillek, eta ondoren berrehun eta hogei mila bostehun eta laurogeita bat politikari inguruk errepikatu, Euskal Herriko etxeetara ordu biak eta seiak bitartean uniformedun mundu guztia, esne-saltzailea izan ezik, sartu ohi zen garai luzean.

Voltairezale eta churchillzale horietako ez gutxik eginahalak egiten dihardute aspaldion indar politiko bateko hautagai batek Lehendakaritzara aurkezterik izan ez dezan. Beste batzuek, Iñigo Urkullu lehendakariak, kasu, argi utzi dute esne-saltzailea orduz kanpo agertzea ez dela onargarria; edonola ere, Arnaldo Otegiri etxeko atea botatzen badiote, bera izango dela erruduna, ixteagatik.

Nire koinatuak esan zuenez, «zaunka dagite, Santxo, zamalkatzen garen seinale».