AUG. 21 2016 Berezkoak Larraldek eta Ducassouk Larraineko Torneoko finala ere jokatuko dute Jon LEUNDA Larraiñeko Torneoan ere Larralde eta Ducassou izango dira finalean. Egungo bi onenak dira eta zaleak euren arteko norgehiagokak ikusteko amorruz daude, eta gaur goizeko finalean elkarren aurka arituko dira. Finalerdietan, ordea, irabazi arren, gauzak oso ezberdin joan zitzaizkien. Aurrenekoan Ospitalek eta Ducassouk oso erraz hartu zituzten mendean Bielle eta Harizmendi, 40 eta 13. Irabazleek oso norgehiagoka ona egin zuten, aurkariei ezer egiten utzi gabe, aukerarik eman gabe. Atzean Ducassouk agindu egin zuen, eta, aurrean, Ospital oso erraz aritu zen, tantoak erraztasunez amaituz. Norgehiagoka oso azkar joan zen. Ospitalek saketik bederatzi kintze egin zituen eta falta bat. Gainera, tanto bakarra lortu zuen saketik Biellek. 2-0, 19-5, 20-10, 28-13 eta 40-13 izan zen lehen finalerdiko markagailuaren mugimendua. Bigarrenean ere ez zen eusterik izan, baina partida askoz ere estuagoa eta orekatuagoa izan zen. Bertan, Larraldek eta Ezkurrak 40 eta 36 hartu zituzten mendean Etxegarai eta Amulet. Norgehiagoka bera zati ezberdinetan bana daiteke. Hasieran, oreka izan zen nagusi, berdinketa ugarirekin, baina gero heldu zen irabazleen unerik onena. Ezkurra atzean agintzen hasi zen, eta aurrean Larraldek alde handiak egiten ditu. Horrela, 35-24 jarri ziren markagailuan, eta bigarren finalerdia ere erabakita zegoela zirudien. Baina ez zen horrela izan. Paxkal Ezkurra akitu egin zen, eta horretaz ederki konturatu ziren aurkariak eta atzera jo eta jo hasi ziren. Horrela, Etxegarai eta Amulet aurka zuten aldea murrizten hasi ziren, eta norgehiagoka 36-36 berdindu zuten, 1-12ko partzial bat sartuta. Zailena egin zuten, baina gero ez zuten errematatzen jakin. 0-2, 2-2, 3-7, 13, 19-16, 27-18, 35-24, 36-36 eta 40-36 mugitu zen markagailua. Saketik hamar kintze lortu zituen Larraldek eta hiru Etxegaraik. Bi irabazleak gaur 11.00etatik aurrera neurtuko dira Larraiñeko finalean.