AUG. 22 2016 ZIRIKAZAN Batman Josebe EGIA Duela pare bat urteko Bilboko Aste Nagusia. Kasualitatez gertatu zen; txosna baten paretik igarotzen ari ginen eta emakumezko ahots indartsu bat entzun genuen kantatzen, parean ia mutilak baino ez zituela ikusle. Haietako bati galdetu nion nor zen kantaria: Mad Muasel. Erakarri egin ninduen haren ahotsaren irmotasunak, agertokian aldetik aldera mugitzeko estiloak, hitzak botatzean jendeari zuzenean begiratzeko modu probokatzaileak, jolas sexualarekin zerikusirik gabea. Hantxe geratu nintzen, beste bi neska-lagunekin batera, gizonezko multzo baten erdian. Izugarri bete gintuen abeslari gazte hark eragin zizkigun miresmen eta harrotasunak, eta gozatu egin genuen ikusleoi eman zigun egurrarekin. Odola dantzan alde egin genuen amaitutakoan emakumeok sudur-puntan jartzen zaiguna eta estilo propioz ederki baino ederkiago egin dezakegula beste behin berretsita. Kontzertu hartatik, neska-lagunen artean ohikoa dugun esapide bat atera genuen. Mad Muasel oholtzan zebilen, ezker-eskuin pasieran, publikoari begira, arakatuz bezala. Halako batean, «Batman asko dabil hemendik solte» bota zuen, eta jarraian nagusikeriazko eta heroi-grinazko jarrerei buruzko kanta bat abestu zuen. Emakumeekiko gizonezko askoren ikuskeraren eta jokabidearen gainekoa. Indartsua. Esamolde bikaina iruditu zitzaidan Batman egungo tirabira afektiboen panoraman gertatzen dena islatzeko. Inolako superbotererik (aparteko gaitasunik) gabea, saguzar-gizonak bere nortasuna ezkutatzen du, eta mozorroa jantzita duenean ausarta den bezala, biluzik dagoenean beraren barruko oinaze, pairamen eta iluntasun handiak askatzen ditu, lan psikologiko handirik hartu barik. Beraren enteleguaz, punta-puntako teknologiaz eta aberastasunaz baliatzen da besteak salbatzeko, horrek ematen baitio izateko arrazoia, munduan misio saihestezin bat betetzen ari delako nolabaiteko baretasuna. Kanpotik ikusita, laguntzen eta indarra ematen ari zaigu; etxean, ordea, mozorrorik gabe gizon soil bat besterik ez dela, behar bezala gainditu gabeko traumek eragindako gabeziak eta ahuleziak nagusitzen dira. Zenbat halako emakume-salbatzaile hor zehar solte, ehizan. Zenbat halako bikote-istorio, amodiozko ipuin zoragarri hasieran eta barne-sufrimendu etengabe handik denbora gutxira, artifizioak azkar erortzen baitira. Mozorrotu asko dabil solte hor zehar, eta mozorrotzeko baliabide mugagabeak egungo mundu teknologikoan. Adi, beraz, salbatu nahi zaituen horrekin.