AUG. 23 2016 IKUSMIRA Assilah eta gizakien aurkako «garapena» Jose Angel Oria Luzaroan bisitatu gabeko Assilah Marokoko herri turistikotik itzuli berri, zapore gazi-gozoa geratu zaidala aitortu behar dut. Alde batetik, eguneroko errutina alde batera uzteak pilak betetzen lagundu dit eta hori beti da eskertzekoa. Aldi berean, ordea, atzera doan gizarte baten gainbehera ikusi ahal izan dut: meskitak lepo eginda eta gero eta emakume gehiago goitik beheraino tapatuta, erabat estalita, Saud familiaren erreinuan egongo balira bezala. Orain dela hamarkada batzuk Assilah ezagutu zutenek ez zuten inolaz pentsatuko bertako giroa horrenbeste aldatuko zenik. Atzerriko turistak ia desagertu egin dira, herrialde musulman gehienetan gertatu den moduan. Horren aurka, noski, ezer egiterik ez dute Assilahkoek, baldintza geopolitiko negargarrien biktima dira-eta. Marokoko turistak dira nagusi orain, eta oso giro kontserbadorea ezarri dute. Orain bost urte Benaisa alkatearen aurkako mobilizazioak egin zituen herrian iraultza arrastorik ez da. Rabateko Gobernuan diren islamista kontserbadoreek ezarritako ustezko «garapena» besterik ez: kalean, gutxieneko osasun baldintzak betetzen ez dituzten saltzaileek arraina eskaintzen dute lurrean (azoka, huts-hutsik), eta ke beltza isurtzen duten ibilgailuak ikusten dira bazter guzti-guztietan, herritarren artean pasa ezinik. Auto gehiegi eta errepidean inolako araurik ezagutzen ez duten gidari kamikazeak. Hobe autorik ez hartzea. Agintariek ezikusiarena egiten dute. Baita kolore guztietako poliziek ere. Baina inork ez du protestarik egiten. Kristauekin lotzen dugun etsipena dute egungo musulmanek ere.