AUG. 26 2016 IKUSMIRA Nahi den xederantz indarra jartzen denean Alazne Basañez Paperak dena aguantatzen du», esan zidan duela makina bat urte lagun batek. Gutun batean idatzita zegoena irakurri ondoren bota zuen berehalako erantzuna izan zen hura, eta gerora, askotan ideia bera etorri zait burura. Azkenengo aldia Maialen Chorrault Lasarte-Oriako piraguistak Rio 2016ko Olinpiar Jokoetan K1 modalitatean urrezko domina justu irabazi ondoren irakurri ditudanak irakurrita izan da. Egungo papera sare sozialak dira eta hor, garai bateko taberna zuloetan sortzen ziren eztabaidetan gertatzen zen legez, borobilena botatzen duena txapeldun! Eztabaida zaharra, lorpen handiak dituzten edota ezagunak diren kirolariek, kasu honetan, hau eta beste egin beharko luketela ikurrina ez den pabiloipean ari direnean zioten batek eta besteak. Gero eta handiagoak botaz eta medioek ere, medioek ez, egunkari honek, egin behar duena markatuz, koru zuzendariak balira bezala. «Bikaintasun iraultzailea nork beretzat hartzea da kontua», zioen duela gutxi Itziar Zigak, ‘‘Beyoncé y los privilegios arrojadizos’’ izenpean idatzitako “Jo Puntu” ederrean. Sareetan botatakoen atzean ere antzerako zeozer dagoela iruditzen zait, agian eguneroko bizitzan «bikaintasun iraultzaile» horretatik urruntzen gaituzten traba, ohitura eta modeloak desagertu egiten direlako ordenagailu aurrean jartzen garenean. Paperak dena aguantatzen du, zioen aspaldi nire lagunak. Besteen jokabideak epaitzen alferrik galtzen ditugun indarrak independentziaren bidean jarriko bagenitu, eztabaida hauek betiko atzean geratuko lirateke.