J.L.
Aizkora

Hirugarren Mailako finalean izateko azkeneko txartelak banatuko dira

Aspalditxo jokatu zen Euskal Herriko Hirugarren Mailako lehen kanporaketa, eta bihar jokatuko da bigarren eta azkena Lakuntzan, 18.00etan. Horko hiru onenek aurreneko kanporaketako hiru onenekin batera Igantzin jokatuko dute finala urriaren 1ean.

Iñaki Kintana, Aritz Oregi, Xabier Garcia, Done Intxausti, Aitor Urteaga, Urtzi Olasagasti, Unai Otaegi, Iban Resano, Patxi Mindegia, Goizeder Beltza, Iker Gorriti, Josu Agirre, Asier Pellejero eta Eneko Saralegi izango dira lanean arituko diren aizkolariak. Bakoitzak lau kana-erdiko ebaki beharko ditu.

Hiru izen aipatzekotan, Patxi Mindegiarena, Asier Pellejerorena eta Eneko Saralegirena aipatu behar dira. Mindegiak irabazi berri du Nafarroako Hirugarren Mailakoa, eta faborito nagusia da. Pellejero eta Saralegi ere final ugaritan izan dira. Hala ere, lana motza da, eta edozein deskuidu oso garesti ordainduko dute. Berriak ere badaude, eta jendeak ikusi nahi ditu. Horietako bat Unai Otaegi da. Zizurkildarrak plazan lehen agerraldi ofiziala izango du biharkoa.