Asier Pellejerok Euskal Herriko Bigarren Mailara igotzeko lehen urratsa eman du
Pellejero, Urteaga eta Saralegi sailkatu ziren atzo Lakuntzan Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatzeko, eta urriaren 1ean neurtuko dira Etxarri Aranatzen. Final horretan izango dira Etxeberria II.a, Kañamares IV.a eta Alkizalete II.a ere, hirurek pasa den uztailean lortu baitzuten sailkatzea.
Hamalau aizkolari lehiatu ziren atzo, eta bakoitzak lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Asier Pellejero izan zen kanporaketako onena, eta berak lan guztiak egiteko 11 minutu eta 4 segundo behar izan zituen. Urteagak, berriz, bereak 11 minutu eta 24 segundoan egin zituen. Eneko Saralegik, aldiz, 11 minutu eta 38 segundo behar izan zituen. Hiru aizkolari horiek lortu zuten finalean sartzea.
Resano eta Patxi Mindegia ere gertu izan ziren finaletik, baina bietako inork ez zuen lortu. Hasierako enborretan onena Patxi Mindegia izan zen, baina Zubietako aizkolariak azkenerako behera egin zuen eta finaletik kanpo geratu zen.
Resanok 11 minutu eta 58 segundo behar izan zituen guztira eta Mindegiak 11 minutu eta 40 segundo. Atzetik, Beltza (12.01), Gorriti (12.38), Kintana (12.46), Olasagasti (14.12), Oregi (14.40), Otaegi II.a (15.18), Garcia (17.05), Agirre (19.04) eta Intxausti (19.12) sailkatu ziren.