Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Mudantzak

Mudantza egiten ibili naiz egunotan. Ez da samurra, baina ahalik eta hoberen hartu behar, eta bide batez garbiketa ederra egiteko balia daiteke. Nik horixe egin dut, garbiketa kanpotik eta garbiketa barrutik, ezinbestean behartzen baitzaitu lehenak bigarrena egitera. Zer gorde, zer bota, zer eman… denetariko gauzak, norberaren nortasun eta bizitzaren parte izandako hainbeste objektu, hainbeste oroitzapenen gordeleku.

Ez dugu egiten sarritan, iraganari aurrez aurre eta patxadaz begiratu; oso gutxitan jartzen gara hausnartzen zer gertatu zen, zergatik, nola sentitu ginen eta nola jokatu genuen, zertzuk ondo eta zertzuk gaizki. Aldi berean, oso zail gertatzen zaigu iragan hori bera alde batera uztea, orainaldian gauden unearen eta garen horren arabera bizitzea. Mudantzak, ez, ez dira batere errazak izaten. Barne-mailakoak, bereziki.

Lekua libratu nahian, lasta-edo bota nahian, dozenaka pegatina, afixa, zapi, pin eta antzeko bota ditut egunotan. Beste garai batzuetako ikurrak, beste garai batzuetako borrokenak, pentsa liteke. Haiei guztiei begira, ordea, ez zaizkit batere zaharkituak iruditu… are gehiago, gaurkotasunaren isla bizia ikusi dut haietako bakoitzean, eta bata bestearen ondoan jendarte barneko mudantza ezak ziztada garratza eragin dit. Izan ere, garaiak eta gauzak aldatu egin diren arren, zein berdin jarraitzen duten askok, zein indartsu.

Elkartasunezko ekintza zein sinbolo orok nahitaezkoa izaten jarraitzen du, arrazakeriak, sexismoak, pobreziak, homofobiak, xenofobiak eta horiek eragindako beldur nahiz gorrotoak pertsonak zanpatzen (eta akabatzen) jarraitzen duten heinean. Egunero ikus dezakegu, lehen bezala orain ere, eta, lehen bezala orain ere, gure aukera dugu ez ikusiarena egitea ala aurre egitea, parte hartzea. Lehengo borroka politiko ugarik egungo borrokak izaten jarraitzen dute, ez garelako guztiz aske eta burujabeak ez euskaldun gisa, ez langile gisa, ez emakume gisa, adibidez. Ingurumena gehiago babesten da, lehen baino, baina oraindik betiere interes ekonomiko basatien mende. Interesok segitzen dute jendartearen norabidea markatzen, geurea, gutxi horien mesederako eta gainerako gehienon kalterako.

Ikasturte berriaren atarian, komeni zaigu gogoratzea mudantzen indar eragilea, aldaketen gakoa, gu geu garela, herritarrok, lehen bezala orain ere. Gure pegatina, afixa, pin eta ekintza irmo horiekin guztiekin.