GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Akazia (Acacia sp.)


Idatzi honetan akazia zuhaitzaren (Acacia sp.) egurraz hitz egitera nator. Nire ustez, Euskal Herrian esku-eskura daukagun egurrik onenetakoa gure instituzioek ez dute behar bezala estimatzen. Alderantziz, behar lukeenaren kontrako norabidean ari dira zuhaitz hau inola ere sustatu gabe. Nire ustez, eta eskura ditudan frogek hala baieztatzen dute, akazia da busti-lehorrean gehien irauten duen egurra eta indartsuena ere bera da. Esaterako, itxituretako hesolak, langak, mendiko animalientzako estalpeak egiteko erabili ohi da egur hau. Ez horretarako bakarrik: baserri baten egitura, oholtzak, saunetako parrilak, kirol portuetako pasabideak, oinezkoentzako zubiak, igerilekuetako egurrezko parrilak… egin ohi dira akazia egurrarekin. Inguruan ditugun beste zuhaitzek baino ezaugarri hobeak ditu akaziak eta hori frogatzen duten datuak nire eskuetan dauzkat, gai honek arreta pizten dion edonori erakusteko moduan.

Duela bi urte Gipuzkoako Foru Aldundira jo nuen akazia egurraren ezaugarriak baloratzeko egin nahi nituen proba batzuetarako diru-laguntzarik bazuten galdezka. Orduko arduradun politikoak ezezkoa esan zidan eta, gainera, zuhaitz inbasoretzat joa zegoenez ez zutela haren alde egiteko asmorik.

Orduan, neure kabuz Soriako etxe batekin harremanetan jarri eta diru arrazoiak tarteko erdizka egin ahal izan nituen probak. Haiek harrituta geratu ziren. Beraiek orain arte egin dituzten probetan beste inongo egurrik ez omen du akaziak adinako emaitzarik eman. Europa mailan egurrik gogorrena eta onena dela sinetsi dute. Ona litzateke geratzen diren proben beste erdiak ere egin ahal izatea, egiaztagiri osoa izateko. Ezkor naiz, halere, gure agintarien (askojakinen, jendilaje) jarrera ikusita.

Are okerrago! Leitzaran bailaran neure begiekin ikusi ahal izan dut Foru Aldundia akaziaren kontra ari dela. Akaziaren aurka egin baino jendea hura aldatu eta zaintzera animatu beharko litzateke, inguruan dugun egurrik onena delako.