SEP. 12 2016 ZIRIKAZAN Aholku gutxiago Josebe EGIA Urte askoan egon izan naiz Plentzia herri bizkaitarreko jaietan, eta gainerako herrialdeetako herri nahiz hiri ugaritakoetan ere. Guzti-guztietan, eta lehen bezala orain ere, gauza bera tokatzen zaigu haietaz gozatzera joan ohi garen andrazko guzti-guztioi: txizaleku dezente baten bila ibili beharra, eta, dezenterik ezean, denen begi bistatik ahalik eta ezkutuena. Denei bizkarra emanda pareta bustitzea ez baitugu aukera, ezta nahi ere. Plentzian, joandako azken festetan, bi sexu eraso salatu zituzten, biak ere leku berean jazoak. Txosnagunetik gertu, herriaren erdi-erdian, «emakumezkoak txiza egitera joaten diren ohiko leku batean» (udal arduradunen esanetan). Bai, egunkarian irakurritakoan, ederki gogoratu nuen nora joaten ginen lagunok maskuria hustera, leku horretara bertara, hain zuzen ere; sarri-sarri gauaz, betiere lagunen batekin gutxienez, elkar estaltzeko, baina batik bat bakarrik joateak eragiten zigun ezinegona baztertzeko. Egun, berdin jarraitzen dugu. Festetan, tabernak eta beren komunak gainezka egoten dira, amaigabeak izaten dira nesken komun pareko ilarak. Komun askotako ateen sarrailak hondatuta egoten dira, gainera, festetan eta bestela ere bai… galtzak jaistea edo gona igotzea, higieneari eustearren nork bere kontuak ipurdia bermatu barik egitea eta aldi berean besoa luzatuta atea itxita mantentzea ez da gauza erraza, eta –gehienetan paperik ez dagoelako– kleenexa atera, eta garbitzeko une hori, surrealista! Festetan, propio jartzen dituzten sasi-komunak azkar asko lohitzen dira, usaina jasanezina izaten da, argirik ez dute izaten, ez eta paperik ere, eta, kalean dabilen emakume andana kontuan hartuta, txantxa hutsa dirudi zenbat jartzen dituzten. Beraz, beste erremediorik ez dugu izaten: auto, zuhaitz edota etxe artera joan, garaje-sarrera ilunen batera, aparteko norabait… Urtero izaten da kontu bera, eta urtero izaten dira erasoak halako testuinguruan: festetan eta komun inguruetan, edo komunerako bidean, edo bueltan, edo barruan. Esaten digute, udal arduradunek, argi ibiltzeko, ez joateko bakarrik inora, ia-ia haurrei bezala ezezagunekin ez hitz egiteko... Hona haientzako nire aholkua: aholku gutxiago, eta itxurazko komun gehiago, eremu publikoa gizonezkoek bezainbeste okupatzen dugun emakumeontzat; behar bezalako sarrailak tabernetakoetan, geure sosak hortxe ere uzten ditugun andrazkoentzat, beharrezko guztia barne: papera, hilekoaren ondorioak uzteko ontzia, konketa… Aholku gutxiago, bai, eta denon ongizaterako pentsaturiko festagune gehiago!