Aukeran, nahiago duintasun-txekea
Objektiboak diren datu batzuk eskainiko ditut jarraian. 30 urte ditut, goi-mailako ikasketak burutu nituen orain urte batzuk eta lan finkoa dut. EHU-UPVn prestatu eta trebatu nintzen ogibide bati esker bizi naiz, gainera. Emakumea naiz eta ez dut ez alaba ez semerik, baina ama izan nahiko nuke. Ez dut etxe propiorik, baina bai bigarren eskuko auto beltz bat. Ikusten duzue, ez dut aparteko ezaugarririk, eta nire belaunaldiko neska-mutilek dituzten buruhauste eta ilusio bertsuak ditut.
EAJko lehendakarigaiak iragarri duen haurtxo-txekearen harira buruan jirabiraka izan ditut datuok. Ez dit itxaropenik piztu, ezta ugaltzeko gogoa handitu ere.
Familia-laguntzak %50 handitzeaz gainera, lehenengo haurra jaiotzean 900 euroko txekea emango duela hitzeman du alderdi jeltzaleak. Bigarren haurragatik progresiboki laguntzak handitzen joango lirateke antza, eta hirugarrenarekin 900 euro emango lituzke urtero, zazpi urtez.
Gizartea zahartzen ari da. Txekeetan pentsatzea sinplista da, gure arazo potoloak aita edo ama izan nahi dugunean hasten direla pentsatzea bezain sinplista. Jaiotze-tasa baxua ez al da ba testuinguru konplexu eta zabal baten ondorio? Alderantzizko piramidearen salbatzaile bagara, nor da orduan gure salbatzaile? Langabezia, prekaritatea, etxebizitza eta zentzurik ez duten prezioak ditugu.
EAEko etxebizitzak Estatuko garestienen artean daude, alokatzeko nahiz erosteko. Eustat-en arabera, batez beste 3.247 eta 2.836 euro ordaindu behar da metro koadroko, etxebizitza berria edo erabilia erosi nahi izanez gero. EAEko gazteok bikoitza kobratu beharko genuke gurasoen habiatik hegan egin ahal izateko. Enpleguetan ezegonkortasuna da nagusi eta gizon eta emakumeon soldaten arteko arrakala handitu egin da 2008az geroztik.
Zapateroren Gobernuak 2007an abiatutako 2.500 euroko haurtxo-txekea EAJk babestu arren, kritikatu egin zuen, «eskumenak inbaditzeaz» gain, «eskasa» zelako eta «arrazoi elektoralistak» zeudelako atzean.
Ez dut neurri puntualik nahi, are gutxiago promesa faltsurik. Gure haurren hazkuntza –eta gure lasaitasuna– bermatuko duen sistema integrala behar dugu, politika egingarriak, eta etorkizunera begiratuko duen plangintza bat, baina hots, belaunaldi gazteon gaurko errealitatea aintzat hartuko duena. Haurraren lehenengo urtean gutxienez 600 euro gastatzen dira fardeletan soilik. 900 iragarri dira. Haurtxo-txekea edo haurtxo-petatxua. Aukeran, nahiago duintasun-txekea. Horrek irauliko luke, bai, alderantzizko piramidea.