SEP. 16 2016 KANPAINA Dena normal, aurreikusitakoaren arabera Last update: SEP. 16 2016 - 08:00h Xabier Izaga Kazetaria Edozein herrialdetako hauteskunde kanpainan ohikoa izaten da beste herrialde bateko liderren bat agertzea, alderdi analogoari sostengua eskaintzera. Euskal Herrian, ordea, kanpainaren estreinako egunetik, kanpoko lider eta politikari nabarmenen bisitek Normandiako lehorreratzea dakarte gogora. Hemengoenganako konfiantzarik eza ote? Ez dakigu –edo badakigu– Elkarrekin Podemosen hautesleek euren botoa Zabalari emango dioten edo Iglesiasi; PSEkoek, Mendiari edo Sanchezi; PPkoek, Alonsori edo Alonsori, eta Ciudadanosekoek... Ciudadanoseko lehendakarigaiari edo Riverari. Aurreneko egunetatik agertu da populismo kiratsa ere. PPk immigranteen aurkako oldarra berpiztea iragarri bazuen ere, oraingoz ez du alamen handirik eman. Haren ordez, PSEren bideo batek –euskara politizatzeko asmorik gabe, seguru, hizkuntzek ez baitute ideologiarik eta bla, bla, bla– harrotu ditu hautsak. Luze hitz egin da horretaz, baita zutabe honetan bertan ere; beraz, iruzkin ulerkor bat baino ez. Ulergarria da, halaber, jende askoren haserrea, esate baterako, euskaraz bizi nahi duenarena; hala ere, ezin uka PSEren jarrerak, trauskila izanda ere, baduela bere logika. PSOEren logika, alegia: euskal administrazioetan euskarak ez luke lekurik izan behar, alderdi sozialista horretan sozialistek lekurik ez duten era berean –bilatu «sozialismo» hitzaren esanahia, marxista edo utopikoa; RAEk ematen duen definizioa zein Harluxet entziklopediarena, ea PSE-PSOEren azken hamarkadetako ibilian haren zantzurik topatzen duzun–. Eta kanpaina hasieratik ikusi ditugu betiko lagunak elkarri mokoka. Atzo Natalia Rojo PSEko hautagaiari egindako elkarrizketa irakurri nuen egunkari honetan. Harri eta zur utzi ninduen inork ez zekienaz ohartarazita: EAJ eskumako alderdia omen da. Edonola ere, ez du ukatuko akordioaren defendatzaile sutsua dela, Urkulluk egunotan argi utzi duenez. Akordioa, Estatu espainoleko blokeoaren aurrean (betoa, gobernurik eza, sei hilean behin hauteskundeak...). Nik, ordea, besterik ulertu nuen, ez dakit zergatik: akordioaren kultura Euskal Herriko akordio proposamenen aurrean.