Jose Angel Oria
IKUSMIRA

Polizia gehiago beldurrak akabatzen daudenentzat

Norbaiti entzun diot gaur egungo europarron sentsazio nagusia beldurra dela: ditugun pribilegioak galtzeko beldurra, gure poltsikoa arintzeko aukerak eragiten duena, Ekialde Hurbileko gerrek (Europak eragindakoak, neurri batean) sortutako etsai berriek transmititzen dutena… Orduan pentsatu nuen zahartutako europar aberats gehiegi dagoela eta horrek esplikatzen duela hauteskundeetan, esaterako, aldaketa agintzen duten indarrek porrot egitea, Alemaniako ekialdean bezala Estatu espainoleko hegoaldean, beldurrak elikatzen dituen eskuin muturreko alderdi politikoak indartzen ari diren bitartean.

Zahartutako populazioa, beldurra, segurtasuna agintzen duten indar «serioak» eta, ekuazioa borobiltzeko, gero eta kontserbadoreagoa den Europa. Eskema hori apurtu dit Londresetik gertu dagoen Harlow herrian gertatu berri denak: brexitak erreferendumean irabazi ondoren, bertako nerabe batzuek Arek Jozwik 40 urteko poloniar jatorriko langilea hil zuten kolpeka abuztuaren 27an. Britainia Handian bizi diren ia 900.000 poloniarrak beldurtuta daude eta horiek lasaitu nahian Poloniatik agente batzuk eraman dituzte Harlow-ra. Jozwik omentzeko ekitaldiak egiten ari zirela, poloniar jatorriko beste bi lagun jipoitu zituzten. Zaharrak bakarrik ez, bestelako europarrak ere beldurtuta bizi dira, eta egoera konpondu nahian agintariei bururatzen zaien aukera bakarra polizia gehiago mobilizatzea izaten da. Europa honek ez du etorkizunik, baina oraina asko luzatu daiteke oraindik. Gure esku ere badago hori aldatzea.