SEP. 19 2016 ZIRIKAZAN Inkisizio berriturantz Josebe EGIA Hiru aldiz ere irakurri behar izan nuen albistea, zeharo kezkatuta bat-batean nire euskara-ulermena ez ote zegoen nahastuta, edo oraindik nahikoa kafe hartu barik ote nengoen pentsatzen… baina bai zera! Alemanian lege-proposamen bat onartu berri dute. Lege-proposamen horren arabera, haur baten aita biologikoa ez denak eskubidea izango du amari esanarazteko nor demontre den aita biologikoa. Hori horrela izango da, antza, aita biologiko ez horrek haurra hazi (eta zorte apur batez hezi) ondoren jakinez gero aita beste bat dela. Ustez amaren ziria urtetan barruraino sartuta izan duen gizon horrek, aitarena eginaren eginaz biologikoa izan ez arren aita bihurtuak, epailearengana jo ahal izango du hark ama behartu dezan egia –edo, ematen duenez, behin bateko bekatua– onartzera. Ama bekatari gezurtia, ordea, konfesio horretatik salbuetsita legoke, baldin eta “pisuzko arrazoi bat” balego; arrazoiaren kilo-kopuruaren neurketa, esan gabe doa, epailearen esku egongo da. Horra berria, puntuz puntu ederki ulertua. Alemaniako epaitegiak XXI. mendeko nahitaezko aitorleku modernoak bilakatuta, haietan gerta litezkeen eszenak irudikatze hutsak hotzikara eragiten du. Emakume bat derrigortua izan liteke bertaratuen aurrean bere iragan sexuala aletzera, alegia, umea egin zueneko garai hartan nor(tzu)ekin ibiltzen zen eta zelan azaltzera. Ozenki esan beharko luke zenbait arrotzen aurrean egun batean beraren arrazoien arabera beretzat isiltzea erabakitakoa. Isildu bazekielako edo ez zekielako, hori ere izan daiteke-eta (hartuko zuten kontuan legegileek?). Emakume bat, ama gisa baino ez aintzat hartutako hori, ezin liteke aretotik atera izen zehatz bat eman arte, haren bizitzarekin inolako zerikusirik ez duten zenbaitentzat eta, bereziki, gizon-harrotasuna urratu dion eta ziurrenik amorratu baino amorratuago dagoen bikotekide (segur asko) ohiarentzat. Azken horren jakin-mina asetzearren, beste barik, emakumearen bizitza pribatuan barru-barruraino sartze hori, halako trantzea jasan behar hori, lege bat ere sortze hori? Zertarako, zer ondorio eragiteko, ez baldin bada emakumea (ama gaizto hori) makurrarazteko eta gizonaren gizon-harrotasun urratua arintzeko. Edo areagotzeko, ze batek daki zer ekar lezakeen horrek guztiak, epaitegi-aitorlekutik atera ondoren. Europaren bihotzean sorgin-ehiza moderno horretara jotzen badute, eta zabaltzen baldin bada, akabo.