GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Paradisuan ispilatzeak sortzen direnekoak


Herri honek «oasirekin edo paradisurekin antz handia» duela sinesten dutenek ispilatze baten aurrean daudela pentsatuko dute inguruko errealitateari so egiten badiote. Urrunera joan barik atzo bertan Bilbon, denbora eta distantzia eskasean Guggenheim museoan Manpower Groupek azpikontratatuta dauden gidek eta hezitzaileek eta Bizkaiko Egoitzetako langileek baldintza duinak eskatzen zituzten, lan egiteko orduan zein horren ordainetan. Donostian, greban dauden parkingetako beharginek euren egoeraren berri eman zuten; Gasteizen, elkarretaratzea deitua zuten LAB eta ELA sindikatuek Lanbiden hasitako grebaren harira; Zumarragako fabrika itxi ostean, Sestaoko ACBko lantegia minimoen minimoetan jarri ondoren, orain kezka zabaldu da Bergarako Arcelorren.

Lan arloari bakarrik begiratuta eta indarrean diren murrizketen kontra atzoko egunean entzun eta ikusitako adibide batzuk besterik ez dira. Kalean ikusi zirenak, bila joan barik. Gainera, beste ispilatze itsugarri baten atzetik etorri ziren: ELA eta LAB sindikatuek Lehendakaritzaren aurrean bukatu zuten hiru mila lagun bildu zituen martxa. Lakuak, Confebaskek, UGTk eta CCOOk hitzarmen kolektiboa sinatu dute. Gutxiengoan adostu dute, sindikatu abertzaleak ordezkatzen duten gehiengo sindikalari bizkarra emanez.

Paradisuarena esan zuenean, euren gogoa «Euskadiren alde egitea» zela esan zuen EAJko presidenteak. Eta xede horretan bere alderdi kideek egin bezala gehiengoa baztertuz arituko dira?