GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Lopetegik txapelak pilatzen jarraitzeko aukera dauka


Euskal Herriko gazteen edo kintopekoen finala jokatuko da gaur, 19.00etan, Zarauzko Lege Zaharren plazan. Bertan, Aritz Etxebarria, Jon Gisasola eta Mikel Lopetegi harri-jasotzaileak lehiatuko dira.

Kirolari bakoitzak 100 kiloko harri kubikoa eta pisu bereko zilindroa erabili beharko ditu. Bakoitzarekin aritzeko hiru minutuko txanda bana izango dute eta, bi harriak pisu berekoak direnez, jasoaldi gehien lortzen dituenak eramango du txapela.

Lopetegi da garaipena lortzeko faboritoa. Zarauztarra etxean arituko da, baina horrez gain, helduekin ari da aspaldian eta maila ikaragarria emanez. Zerbait gertatu ezean, zaila izango da bera mendean hartzea.

Bestetik, gaur Larrabetzun 19.00etatik aurrera jokatuko den jaialdian, Bizkaiko promozio txapelketa ere izango da ikusgai. Bertan, harri-jasotzaile berriei aukera eman nahi izaten zaie. Asier Zubiaga, Oskar Perez, Ousman Drame, Jon Pette Scott eta Mikel Altzola lehiatuko dira.