SEP. 24 2016 IKUSMIRA Zuria, soilik zuria, beti zuria, ametsetarako! Mikel Zubimendi Kazetaria Bruce Lee handiak oso pentsamendu zorrotza zuen. Azkarra zen benetan. Aspaldi izan nuen aukera haren txupinazo intelektualak estudiatzeko, eta, egia esan, gozatu egin nuen. Gogoan dut nola erakutsi zidan kontent bizi eta zoriontsu izan behar dela, sekula asebeteta sentitzeke. Egarria eta gosea behar dela, beti-beti, anbizioa izateko, irabazteko. Akatsak beti direla barkatzekoak horiek aitortzeko kuraia dutenentzat. Popatik hartzera zirkunstantziak, aukerak sortu egin behar direla. Printzipioak obeditu beti, bai, baina, horiek giltzapeturik, mugaturik jokatzeke. Edozeren jabetza buruan hasten dela. Hainbeste eta hainbeste kontu ikasi nituen harekin! Hauteskunde kanpaina honetan asko akordatu naiz harekin. Pila-pila bat. EH Bilduren lana ikusi dut, eta, zeharo ase barik, oso oso pozik nago. Handia izan baita erakutsi dena, kontra izandako zirkunstantzia orori aurre eginez sortu den txanpa eta aukera. Ederra irudia, anbizioz betea. Potentea hautagaitza, zapore herritarrez blaitua. Gure zilborretik harago, herriari begietara begiratuz, argi eta tolesgabe mintzo. Akatsak onartzeko eta zuzentzeko kuraiaz. Printzipioak bi, eta, ihia haizearekin bezala, haietan sendo. Atzealde zuria zuten milaka kartel hormetan, milaka pankarta zubietan... zuria, soilik zuria, beti zuria, ametsetarako! Milioika boto-paper eskura, jendetza ekitaldietan. Freskura, protagonismo berriak. Beste txispa bat, nabarmen. Zaindu dezagun EH Bilduren marabilla! Ederra, ederra benetan, zoriontzekoa. Bihar emaitzekin kontent, etzi eta etzidamu asegabe, eta, beti-beti, aberria bizi.